Puxka Muxka Zirkusek iazko abenduan bukatu zuen jarduna.
Aurreko urtearen amaieran Txilipurdika aisialdi taldeak eta Puxka-Muxka Zirkus kultur elkarteak euren jarduna amaitu zuten, eta Zestoako herrigunean eta auzoetan haurren aisialdiak jarraipena izan zezan, Barbantxo aisialdi taldea sortu berri dute herriko hainbat gaztek.
Zestoako herrigunean ez ezik, Aizarnan, Arroa Goian, Arroa Behean eta Iraetan ariko da lanean taldea. Zestoan, esaterako, bi talde sortu dituzte; bata sei eta zortzi urte bitartekoena, eta bestea bederatzi eta 11 urte bitartekoena. Hilean bi aldiz elkartuko dira, ostiraletan. Auzoetan, momentuz, hilean behin izango dira begiraleak, ostegunetan edo ostiraletan. Adierazi dutenez, auzoetako egutegia zehazteko dute oraindik. Talde bakoitzean bi begirale egongo dira, haurrak behar bezala zaintzeko. Guztiekin saio bana egin dute jada, eta ekimenak «harrera ona» izan duela azaldu dute. Aste honetan Zestoan izango dira, ostiralean, 9 eta 11 urte bitarteko umeekin. Zestoako kultur etxeko balio anitzeko gelan elkartuko dira, 17:00etatik 18:00etara.