Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikak, erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak, hitzaldi ziklo bat antolatu du erabakitze eskubideak hainbat eremutan izan dezakeen eragina lantzeko eta aztertzeko. Hala, bihartik (urtarrilak 30, osteguna) hasi eta martxoaren 26ra bitartean, bost hitzaldi eta mahai-inguru egingo dituzte herrian.
Bihar, osteguna, izango da lehen hitzordua; hitzaldia ez, baina mahai-ingurua egingo dute, 19:00etan Sanagustin kulturgunean, eta kirola izango dute hizpide. Zehazki, kiroleko Euskal Selekzioen inguruan ariko dira hainbat aditu: Xabier Mikel Errekondo (eskubaloi jokalari ohia), Markel Irizar ( txirrindularia), Reyes Karrere (eskubaloi jokalari ohia eta entrenatzailea), Mikel Arregi Ertxin (Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehendakaria) eta Beñat Zarrabeitia (kirol kazteria). Arritxu Iribar kirol kazetariak gidatuko du mahai-ingurua.
Kontzientziazioa helburu
Gure Esku Dago mugimendua iazko ekainean aurkeztu zuten Irunen; Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendu bat da. Goierriko Nazioen Mundua proiektuan du oinarria, eta mugimendu berria Euskal Herri osoan «horizontalki» zabaltzen ari dira sustatzaileak. Zazpi herrialdeetan 100 talde inguru sortu dituzte, eta Azpeitikoa da horietako bat; Gipuzkoako 25 taldeetako bat da.
Edonori zabalik dagoen herriko taldean hogei lagun inguru elkartzen dira bi astez behin, herrian egitasmo honen barruan egin daitezken ekimenak antolatzeko eta herri barruko nahiz kanpoko harreman sarea osatu eta lantzeko.
Hitzaldi zikloaz gain, martxoaren 29rako egun osoko egitaraua antolatzen ari dira. Eskuz Esku ekimenaren haritik, eskualdeko ekitaldi nagusia izango da.
Herri eta eskualde bakoitzean ekimena sustraitzen joatea dute helburu Gure Esku Dago taldeko kideek, mugimenduaren oinarriak gizarteratzea, alegia. Ondoren, ekainaren 8an, Durango eta Iruñea eskuz esku lotuko dituen Giza Katea egingo dute milaka herritarrek.