Itsasoa oldartzen denean nork egin uko ikuskizunari? Parolpetik, Santiagoko hondartzatik, Arranaiztik edo Izustarritik, olatuei begira joan zaio arratsaldea gaur bati baino gehiagori. Hori bai, hobe leku seguruan jartzea, ezustekoa edozein unetan gerta daiteke eta. Galdetu bestela itsasgoran Talaipe parean bilduta zeudenei. Zaila dirudi olatuak haraino iristea, baina batek baino gehiagok korrika egin behar izan du ihesi… Eta Izustarri aldean ere izan da estuasunik, ustez leku seguruan izanik ere, olatu batek lurrera bota baititu begira zeuden zenbait lagun. Zorionez, Zumaian ez da ezbeharrik gertatu —Ondarroan gizonezko bat eraman du itsasoak–. Itsasoko zezenak oldartzen direnean, hobe hesi atzean gordetzea. Utzi balentriak surflariei.