Zumaiako III. Txakur Krosa egingo dute igandean eta iaz bezala bi ibilbide izango ditu

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 29a

Otsailean zehar kirol probek tarte berezia izango dute Zumaian. Igande honetan, otsailaren 2an, esaterako, txakurrak izango dira protagonista, Txakur Krosa antolatu baitute Zumaian hirugarren urtez. Iaz egin bezala, aurten ere bi ibilbide izango ditu kirol probak. 10:30ean lasterketa herrikoiarekin abiatuko dute jardunaldia. Antolatzaileen iritziz «txakurrarekin korrika aritzea atsegin duten herritarrentzat txakur lasterketetan murgiltzeko aukera paregabea» izango da bi kilometrotako lasterketa. Horregatik, zumaiarrak eta eskualdeko herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte. Bestetik, 12:00etan lasterketa nagusiari emango diete hasiera; hori Gipuzkoako Txakur Kros Ligarako proba puntuagarria izango dela zehaztu dute; parte-hartzaileek zazpi kilometro egin beharko dituzte korrika. Zumaiako III. Txakur Krosa lasterketan parte hartu nahi dutenek www.herrikrossa.com webgunean izango dute izena emateko aukera. Proba nagusian parte hartzeko federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatugabeek, berriz, 18 euro. Herri mailako lasterketan parte hartzen duten lasterkariek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Hiru proba herri lasterketan Txakur krosaz gain, hiru hamarkadatan zehar urtez urte indarra hartzen joan den Herri Lasterketa jokatuko dute Zumaian otsailaren 15ean. Hiru lasterketa hartuko ditu bere barruan kirol probak. Haurren lasterketa izango da 15:00ak inguruan kirol jaialdiari hasiera emango diona. Zazpi urtetik 16 urte bitarteko haurrek eta gaztetxoek parte hartuko dute bertan, eta adin tartearen arabera distantzia bat edo bestea egin beharko dute. Ondoren, 15:45ak inguruan, patin lasterketa abituko dute eta 14 kilometro eta 400 metrotako ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek. Horretarako, herrian bertan markatuko duten 4,8 kilometroko zirkuituari hiru itzuli eman beharko dizkiete. Arratsalde partean, 18:00etan  abiatuko dute Lasterketa Nagusia. Aurtengoan ahal den herritar gehienek proban parte hartu dezaten bi ibilbide osatu dituzte: motzak 5,6 kilometro izango ditu eta, luzeak, berriz, 10,2 kilometro. Herri Lasterketan izena emateko aukera zabalik dago sarean,  www.herrikrossa.com webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide