Mendebaldeko Saharako errefuxiatu kanpamenduetarako janari bilketa abiatu dute Orion. Astean zehar herritarrek ikastetxeetan eta saltokietan izango dute euren ekarpena egiteko aukera eta larunbatean plazan jarriko dute janaria biltzeko haima. Janari bilketan denboran luzez irauten duen janaria bildu nahi dute: lekaleak (lentejak, babarrunak, garbantzuak...), pastak, arroza, arrain-kontserbak. Horrez gain, bestelako materiala ere jaso nahi dute: haurrentzako eta helduentzako pardelak, jostailuak, bizikletak, ordenagailu zaharrak, arropa…
Janaria biltzeaz gain, kanpainarekin Mendebaldeko Saharan bizi duten egoeraren berri eman eta oriotarrak kontzientziatu nahi dituzte Orioko Saharautz Elkarteko kideek. Horretarako gaur Orioko Herri Ikastolan izan dira Orion bizi diren sahararrak eta Saharako ohiturak erakutsi dizkiete ikastolako haurrei: "tea egiten aritu dira ikasleekin eta henaz esku eta besoak margortu dizkiete ikasleei" azaldu du Orioko Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek.