Igande eguerdian jokatuko da Orioko V. Kros Txikia. Duela bost urte antolatu zuen lehen aldiz Zaragueta Herri Eskolak Orioko Kros Txikia. Hasieratik herriko neska-mutilen artean kirolerako zaletasuna eta euskara sustatzea izan da helburua eta urtez urte indarra hartzen joan da ekimena. 5-13 urte bitarteko gazteak bilduko ditu lasterketak eta adin tartearen araberako distantzia osatu beharko dute parte-hartzaileek.
Lasterketan izena eman nahi dutenek horretarako aukera izango dute Zaragueta Herri Eskolan, Karela Kiroldegian eta Orioko Kultur Etxean. Lasterketan inskribatzerakoan parte-hartzaile bakoitzari dortsal bana emango zaio eta dortsala bular parean jarrita agertu beharko dute igandean 11:45ean Zaragueta Herri Eskolako sarrerara. Zaragueta Herri Eskolako kideek segurtasunagatik dortsala katekorratzekin lotuta ez eramateko aholkatu dute.
Bestalde, antoltzaileek jakinarazi dute lasterkari guztiek jasoko dutela domina lasterketa amaitutakoan, horrela haur eta gaztetxo guztiak irabazle sentitzea nahi dute.
Lasterka egin beharreko distantzia ikasketa mailaren arabera.
- HH4 150 metro
- HH5 150 metro
- LH1 300 metro
- LH2 300 metro
- LH3 600 metro
- LH4 600 metro
- LH5 1000 metro
- LH6 1000 metro
-DBH1 1200 metro