Azkoitian menpekotasunagatik etxea utzi behar izan dutenek ez dute gainkargarik pagatuko

Ane Olaizola 2014ko urtarrilaren 29a

Azkoitiko Udalak urrian onartu zituen 2014ko ordenantza fiskalak, eta urte berriarekin batera, indarrean dira udal tasak eta zergak. Onartutako neurrietako bat izan zen etxe hutsei %100eko gainkarga ezartzea, alokairua bultzatzeko eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko asmoz. Baina udalak argitu du zerga horrek hainbat salbuespen izango dituela. Zahar etxeetan edo tutoretzako etxebizitzetan erroldatutako pertsonen izenean daudenek ez dute gainkargarik izango. Menpekotasunen bat dutenek eta horren eraginez euren etxebizitza utzi behar izan dutenak ere neurritik kanpo geratuko dira. Era berean, senitartekoren baten menpekotasunaren eraginez euren etxebizitza utzi dutenak ere salbuespenak izango dira. Hiru kasu horietan, gainera, erroldatutako azken etxebizitzari dagokiona izango da salbuespena. Horrez gain, administrazioek hondamendi egoeran izendatuta dituzten etxebizitzek ere ez dute gainkargarik izango, ezta hildakoen izenean dauden etxebizitzek ere; heriotza gertatu eta bi urtera, ordea, salbuespena amaituko zaie. Baserri hutsak, neurritik at Lanerako edo komertziorako erabiltzen diren etxebizitzak ere neurritik kanpo geratuko dira; salbuespena ezartzeko, beharrezkoa izango da lokalaren titularra izatea edota titutlarrari errentan emateko kontratua edukitzea. Kontratua ez badago idatzita, jarduera hori badela egiaztatu beharko dute. Nekazaritza arloko ustiategiko errolda ofizialean alta emandako baserri hutsek ere ez dute %100eko gainkargarik izango aurten; eraikina eraiki duten promotoreen izenean dauden etxebizitzak ere salbuespenak izango dira, gehienez bi urtez. Batuta dauden etxebizitzak izango dira beste salbuespenetako bat; jabetza erregistroan bi finka gisa agertu eta bina ordainagiri eduki arren, ondasunaren jabea bakarra bada ez du aparteko gainkargarik izango. Udal erregistroan etxebizitza bakar bat gisa azaldu baina fisikoki solairu desberdinak dituzten eraikinek, berriz, aparteko neurria izango dute; kasu horretan, eraikina solairuetan banatuko dute, eta hutsik dauden etxebizitzek soilik izango dute gainkarga. Horrez gain, 2014ko urtarrilaren 1ean errentan emandako etxebizitzek ere ez dute neurri hori pairatuko; kasu horretan errenta kontratuak aurkeztu beharko dituzte, eta bertan etxebizitzak erabileraren bat izango duela egiztatu beharko da. Kontratu horien berri Foru Ogasunari emango diotela aurreratu dute udaleko arduradunek, haiek jakinaren gainean egon daitezen. 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen etxebizitza errentan emateko asmoz erakunde publiko baten esku jarritakoak ere salbuespen izango dira. Elkarguneko tarifa, behera Bestetik, Elkarguneko tarifetan ere aldaketak izango dira aurten; besteak beste, eguneko sarrera merkeagoa izango da, eta ikasle izaera 26 urtera luzatu dute. Halaber, bi gurasoak langabezian dauden kasuetan, sei eta hamazazpi urte bitarteko gazteek %25eko deskontua izango dute. Zaborraren eta uraren tasei dagokienez, azkenik, udalak adierazi du hobariak jasotzeko eta horren inguruko informazioa jasotzeko aukera zabalik dutela udaletxean. Errenta eta familia kide kopuruaren arabera, tasa horietan %95era arteko hobariak jaso ditzakete herritarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide