Rosi Lazkano, bertsolaria: "Ateak ireki dizkit nire adineko emakume bertsolaririk ez egoteak"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urt. 29a, 08:34

Rosi Lazkano bertsolaria. Ez da ohikoa 55 urteko emakumea oholtza gainean bertsotan ikustea. Rosi Lazkanok (Aia, 1958), ordea, ohikotasuna hautsi du. Igandean, esaterako, Donostiako Kursaalean ospatu zuten Bertso Egunean parte hartu zuen, eta generoaren gaia izan zuen hizpide 1.800 lagunen aurrean. Noiztik datorkizu bertsotarako zaletasuna? Txikitatik bizi izan dut bertsoa. Etxean umetatik kantatu izan ditugu bertso zaharrak eta buruz ikasten genituen; orduko gure denbora pasa ziren bertsoak. Jolas moduan senideen artean batak besteari puntua jarri eta erantzuten ere aritzen ginen. Ez dakit nondik eta nora, baina Zeruko Argia aldizkaria iristen zen gure etxera, eta bertan agertzen ziren bertsoak abesten genituen. Horretaz gain, aita azokara joaten zenean bertso paperak ere ekartzen zituen etxera. Heltzen joan zinen heinean landu al zenituen bertsoak? Landu-landu, ez. Beti gustatu izan zaizkit bertsoak eta bertsoak oinarrian zituzten abestiak entzuten nituen. Ezkondu nintzenean hainbat bertso saiotara joaten hasi nintzen, bertso liburuak irakurtzen nituen eta seme-alabek ikastolarako bertsoak egin behar zituztenean lagundu egiten nien. Garai hartan hasi nintzen bertsoak idazten. Seme-alabak koskortu zirenean, lagun artean elkarte gastronomikoan elkartzen ginen eta ospakizunetarako bertsoak idazten hasi nintzen. Jendeari asko gustatzen zitzaizkion, eta horrek bertsoak idazten jarraitzera animatu ninduen. Nolatan animatu zinen Bertso Eskolan hastera? Helduen bertso eskolako deialdia irakurri nuen egunkarian, eta alabak animatu ninduen bertan izena ematera. Ez nekien zer zen, ezta zeinek parte hartzen zuten ere. Kasualitatez, 50 urte betetzen nituen egunerako jarri zuten hitzordua, eta egun hartan joan nintzen lehenengo aldiz bertso eskolara. Gogoratzen dut sartu aurretik atearen ondoan egon nintzela, buelta eman eta etxera itzultzekotan. Hala ere, ez naiz ezertaz damutzen; niretzat bertso eskola gozamena da, eta bat-bateko bertsoak egiteko jarraitu beharreko urratsak, egiturak, teknikak lantzen ditugu. Asko ikasi dut bertan. Hasieratik oso ondo hartu naute bertan, asko animatzen naute. Nik pentsatzen dut bertsoa atsegin duten emakume gehiago egongo direla eta bertso eskolara joatera animatu nahiko nituzke Urrats garrantzitsua izango zen zuretzat lehen aldiz oholtza gainera igotzea, ezta? Nire lehen saioa Satxota sagardotegian Korrikaren alde antolatu zuten bertso saioa izan zen. Nire adineko emakume bertsolaririk ez dago, eta horrek ateak ireki dizkidala uste dut, nahi gabe etorri zaizkit aukerak eta proposamenak. 55 urteko emakume baten ahotsa edo nik jorratu ditzakedan gaiak ez dira ohikoak bertso munduan. Emakume bertsolariak badaude, baina gazteak dira, ikasketak dituzte eta gaiak beste ikuspuntu batetik lantzen dituzte; nik bertsotan jarri ditzazkedan gaiak, berriz, egunerokoak dira eta uste dut saioetara etortzen diren entzule asko agian nirekin identifikatuta sentituko direla. Jakin badakit horrelako aukera gutxi izango ditudala; horregatik, animatu eta gonbidatzen nauten bertso saioetan parte hartzen dut. Beldurra eta lotsa alde batera utzi behar dira horrelakoetan. Bertso munduan ametsik ba al duzu? Inoiz ez nuen pentsatu ere egingo bat-bateko bertso saio batean parte hartuko nukeenik, beraz nire ametsak bete dira dagoeneko. Eman didaten aukerez gozatu nahi dut orain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide