Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzeko prozesua zabalik da Euskal Herriko zazpi herrialdeetan, eta Azpeitian Bizi eta Lan taldea ere lan horretan murgilduta dago. Herriz herri egiten ari diren prozesuaren ondorio izango da, beraz, karta hori.
Azpeitian, datorren asteazkenean, hilak 5, hasiko da eztabaida prozesua. Arlokako edo gaikako sei batzar egin, eta otsailaren 22an batzar orokor batekin amaituko da. Horregatik, «hainbat sektoretako kideei eta herritarrei euren arazoen inguruko gogoeta eta aldarrikapenen bilketa egitera» dei egin diete: «Guztion partehartzerik gabe, oinarririk gabeko tresna litzateke Eskubide Sozialen Karta», adierazi dute sustatzaileek.
Pertsonen eskubideak oinarri
Antolatzaileek azaldu dutenez, «badira urte batzuk herritarrok krisi ekonomikoa pairatzen ari garela eta gobernuek ezartzen dizkiguten erreformen eta murrizketen aurrean mobilizatu eta beste eredu bat eskatzen ari garela». Ondorioz, «pertsonen eskubideak oinarri izango dituen sistema sozioekonomiko justu bat eraiki beharra» nabarmendu dute.
Egitasmo honen helburua, hain zuzen, «gizarte eredu berri baten oinarriak jartzeko tresna» izatea dela ohartarazi dute. «Herritarron beharrak eta eskubideak zehaztu eta hauek bermatuko dizkigun eredu berria definitzea da helburua, instituzio publikoei hura gauzatzea eskatuz», esan dute.
Helburu horiek lortzeko modu bakarra «Eskubide Sozialen Karta guztion artean egitea» dela azpimarratu dute, «herritar guztien helburu eta aldarrikapenak bilduko dituen prozesu bat irekiz».
Eskubide Sozialen Karta idatzi ondoren, hura errealitate bihurtu eta eskubide horiek gauzatzea eskatuko dute. Eusko Legebiltzarrean aurkezteko legegintzako herri-ekimen bat sortzea ere aurreikusten dutela azaldu dute. Baina ez dute Eskubideen Karta eskaera horretara mugatzen: «Herriz herri eta auzoz auzo eginiko prozesu integral batek, lekuan lekuko instituzioei interpelatzeko eta herritarren beharren araberako erabakiak hartzea eskatzeko modua ematen digu», adierazi dute.