Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauzko Udalbatzak PPk proposatutako abortu legearen erreforma «berehala» erretiratzeko eska dezan mozio bat aurkeztu du Ezker Anitza udal taldeko bozeramaile Mariana Aranburuk. Aurreproiektua martxan jartzeko asmo hori bertan behera utzi eta salatzeko antolatu diren mobilizazioetako bat da mozio hori.
Bertan, haurdunaldiaren borondatezko etenaren gaineko erreformak emakumeen berezko eta funtsezko eskubideak bermatu eta areagotu behar dituela uste du Ezker Anitzak. «Abortu librea, doakoa, publikoa eta zigor kodetik kanpo dagoena defendatzen dugu».
Osasun Sisteman jasotzea
Alde horretatik, bestelako lege bat «beharrezkoa» dela nabarmendu du Ezker Anitzak. Batetik, nahigabeko haurdunaldiak saihesteko prebentzioa bultzatu beharko duela dio, emakumeei sexu heziketa eskainiz eta genero ikuspegia kontuan izanda. Bestetik, lege horrek emakumeek «libreki eta oztoporik, baldintzarik eta zigorrik gabe» erabaki dezaketela jaso beharko du.
Era berean, kontzientzia-objekzioa arautu beharko du, hori «mediku atzerakoienen argudio» bihur ez dadin. Horri lotuta, ez du «zalantzan jarriko» emakumeek euren bizitzaren gainean duten erabakitzeko ahalmena, eta horien autonomia bultzatu beharko du. Horrez gain, lege berriak borondatezko abortua zigor kodetik ezabatzeko eta antisorgailuak osasun publikoaren sisteman sar ditzala jaso beharko lukeela esan du zinegotziak, eta profesionalak horretarako prestatu beharko liratekeela. Halaber, haurdunaldiaren etena Nazioarteko Osasun Sisteman jasotzeko ere eskatu du.
Aranburuk espero du Zarauzko Udalbatza abortua zigortzeko lege proposamen horren aurka gehiengoz agertuko dela espero du—asteazkenean, hilaren 29an izango da plenoa— eta ondorioz, Parekidetasun Sailak zein Emakumeen Kontseiluak salaketa ekimenak bideratuko dituztela. Era berean, zarauztarrek PPren abortuaren «erreforma ultraeskuindarra» sala dezaten eskatu du alderdiak, «emakumeek amatasunaren gainean erabakitzeko ahalmena eta eskubidea urratzen duelako». Ildo horretatik, datozen egunetan antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu herritarrak Aranburuk.