Udal langileekin, gainontzeko alderdietako ordezkariekin, askotariko arloetako eragileekin eta herritarrekin bilduko da Zarauzko Udal Gobernua 2014rako aurrekontuak osatzeko.
Guztira hamahiru bilera ireki egingo dituzte eragileekin eta herritarrekin, otsailaren 13ra bitartean. Auzokako saioei dagokienez, gainera, aurten berritasun bat egongo da: Itxasmendiko eta Mitxelenako bizilagunekin bilera bakarrean bilduko dira udal ordezkariak, azken auzo horretako elkartean. Bilera orokorra izango da udal langileekin otsailaren 6an egingo dutena, udaletxeko pleno aretoan. Oposizioarekin, berriz, batzordeetan eztabaidatuko dituzte 2014rako diru kontuak. Ordubete inguruko saio horietan 2013ko kontuak, egungo egoera ekonomikoa eta 2014rako dituzten asmoak azalduko dituzte Udal Gobernuko ordezkariek, eta horiek eztabaidatu, zalantzak argitu eta proposamen berriak egin ahalko dira, era berean. Halaber, bileretara joan ezin dutenek ere izango dute ekarpenak egiteko aukera aste honetan erabilgarri jarriko dituzte bitartekoen bidez. Aurrerago jakinaraziko dituzte zeintzuk izango diren tresna horiek.
Behin ekarpen oro jasota eta behin-behineko aurrekontuak dagokion batzordetik pasatuta, proposamena otsaileko plenora eramateko asmoa azaldu du Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek.
«Eraginkorra»
Hirugarren aldiz abiatu dute halako prozesu bat aurrekontuak osatze aldera, eta orain arteko esperientziak «eraginkorrak» izan direla nabarmendu dute Udal Gobernuko ordezkariek. «Herritarrek egindako ekarpenei esker sortu zen, hain zuzen, Zarautz Ehuntzen Udal Plana, eta bertan jasotakoa betetzea da udalaren helburu nagusia 2016ra bitartean. Garbi dago, beraz, 2014ko aurrekontuak osatzerakoan horixe izango dela guretzat iparrorratz nagusia».
Horrez gain, herritarren proposamenei esker planaren dinamikotasuna sustatzea izango da asmoa, «mugarik gabe». «Denborak aurrera egin ahala herrian behar gehiago sortzen joango da. Hasierako Ehuntzen Planean egon ez arren, herritarrek beharrezkotzat jotzen dituzten egitasmoak sor daitezke bileretan. Herria dinamikoa denez, planak ere dinamikoa izan behar du ezinbestean, eta horretarako sortu dugu prozesu parte-hartzaile hau». Aurreko urteetako bileretan, esaterako, gizarte zerbitzuak eta ekonomiarekin lotutako gaiak aipatu zituzten zarauztarrek, eta zenbait plan horretan jaso zituzten.