Ia ehun ume eta gaztetxo lehiatuko dira Atano III. pilota txapelketan

Ane Olaizola 2014ko urtarrilaren 28a

Azkoitiko Oteiza Pilota Eskolak antolatzen duen Atano III. pilota txapelketak berrogei urte beteko ditu aurten, eta urteurren borobilean aurreko urteetako parte hartzerik handiena izango du herriko proba ezagunak; izan ere, 95 haur eta gaztetxok eman dute izena txapelketarako. Gaur hasiko da txapelketa, eta zazpi urtetik hamalau urtera arteko neska-mutilak lehiatuko dira datozen hilabeteetan. Astearteetan, ostegunetan eta larunbatetan jokatuko dituzte eskuz banakako partidak, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Arauetan zehaztu bezala, arrazoi «garrantzitsurik» izan ezean partidak ez dira atzeratuko, eta ohiko funtzionamendua izango du txapelketak; hau da, aurrena kanporaketa bidez egingo dute txapelketa, eta ondoren ligaxka moduan hasiko dira jokatzen. Finalari dagokionez, oraindik ez dute zehaztu noiz izango den, baina Aste Santuak baino lehen izatea aurreikusi dute. «Txapelketa martxoaren amaieran bukatuko delakoan gaude», esan dute antolatzaileek. Parte hartzeari dagokionez, berriz, zazpi eta zortzi urteko umeen artean izan da gorakadarik handiena; «lan asko eragingo digu, baina pozgarria da, eta gustura gaude erantzunarekin», esan dute. Hori hala, umeen artean pilotaren inguruko afizioa «indartzen» ari delakoan dira txapelketako antolatzaileak. Astean hiru egunetan jokatuko dituzte norgehiagokak, eta antolatzaileen arabera, partida ugari izango dira saio bakoitzean. Aste honetakoak dagoeneko zehaztu dituzte; gaur, zortzi urtekoek 10 partida jokatuko dituzte, 17:15etik aurrera. Ostegunean, hamar urtekoen lau norgehiagoka eta 11 urtekoen beste bost izango dira. Larunbat goizean, berriz, 12 partida izango dira. Herrian umeen artean egiten den pilota txapelketarik garrantzitsuenetako bat izan ohi da hau, Azkoitiko pilotari ezagunari aitortza egin nahian. Mariano Juaristi Atano III.a azkoitiarra historiako pilotaririk handienetzat du hainbatek, buruz buruko modalitatean nagusi izan baitzen 1926tik 1948. urtera arte. «Sasoi bateko pilotaririk onenetakoa izan zen, eta horregatik antolatu ohi da urtez urte txapelketa». Udaberri Saria, aurrera Horrez gain, Gipuzkoako Udaberri Sariak aurrera jarraitzen du, eta aste honetan ere hainbat partida izango dira Gurea pilotalekuan; kadete, jubenil eta seniorrak ari dira lehian, eta etzi eta ostiralean bina partida jokatuko dituzte, 19:00etatik aurrera. Eskuz banaka jokatuko dute orduan, eta larunbat goizean palazkoen txanda izango da; 09:30ean hiru saio izango dira, eta 15:30etik aurrera eskuzko lau partida jokatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide