Saharar Ilargierdi Gorriaren eskakizuna betetzeko, X. Sahararen aldeko euskal karabana: Piztu Itxaropena jarri dute martxan hainbat euskal elkarte ezberdinek, tartean, Saharautz-Oriok. Lehengo urtean 97 kaxa bildu ziren Orion, hots, 1.200 kilo. Aurten, ordea, kilo kopurua handitu nahi da. Helburua lortzeko urtarrilaren 27tik otsailaren 1a bitarte Saharara bidaltzeko janari bilketa egingo da. Lekaleak, arroza eta dilistak; atun latak, azukrea, konpresak eta jostailuak jasoko dira ikastetxeetan eta denda batzuetan: Coviran, Loidi, Eroski, Spar, Arantxa Amillaganean eta Dian, hain zuzen ere. Otsailaren 1ean produktuak jasotzeko haima bat jarriko da Orioko plazan 11:00etatik 14:00etara.
Udalaren bitartez Donostiako Cocheras-era eramango da bildutakoa. Gipuzkoakoa batu ostean Bilbora eramango da, eta bertan, gainontzeko probintzietako produktuekin elkartuko da. Bildutakoa karabanan Valentziar erkidegora eramango da, eta handik, Aljeriako Tinfund herrira, itsasoz. Behin Saharan, Gurutze Gorriak produktuen kargua hartzen du eta kanpamentuetan zehar banatzen ditu, bertakoek sufritzen duten elikagai falta asetu nahian. Jarraipen batzordeak produktuak sahararrengana ailegatzen direla ziurtatzen du.
Elkartasuna handitzeko beharra
Oriok eta La Guerak anaitasun-harremana daukatenez, bertara ere ailegatuko dira Orioko produktuak. Gabonetan egiten den jostailu-trukeko soberak eta Ikastolak emandako zortzi ordenadore inguru eta botikak eramango dituzte bertara. Juanjose Zubizarreta Zaragueta Herri Eskolako zuzendariak harreman berezi hori azpimarratu du eta anaitasuna "sakonago" jorratu behar dela irizten dio. "Elkartasun gehiago egongo da ikasleen partetik ekintza gehiago egiten badira", gaineratzen du Zubizarretak. Solidaritate hori lortze aldera Sharautz-Orio elkarteakoek henna jarriko diete ikastetxeetako ikasleei.
Ahmet Labaid Hauser-ko eta Saharautz-Orio elkarteko kidea. Sahararen aldeko aldarrikapenak egiten hasi zen duela lau urte, 2010ean, Orion. Esker onak besterik ez ditu proiektua aurrera ateratzen lagundu dioten guztientzat: Herrio Natur Taldea, Euskara Batzordea, Arkupe, ikastetxeak, herritarrak, Udaltzaingoa eta brigada. Horien guztien partaidetzak proiektuaren garapena ekarri duen arren ekimenak sendotasuna behar duela uste du Labaidek. Kanpainari merezi eta behar duen denbora eskaini behar ziolakoan dago, eta orain arte sinbolikoki egin denari ofizialtasun handiagoa eman.
Gure laguntza beraien mantenu
Premia larrian daudela aitortu du Saharautz-Orioko kide den Jokin Urangak. "Laguntza garrantzitsua ez ezik, beharrezkoa ere bada. Azken urteetan laguntzak jaitsi egin dira, eta ondorioz, beharra daukate. Izan ere, kanpamentuan kooperazioko laguntzari esker bizi dira asko eta asko; bidalitako janariarekin elikatzen dira". Labaidek asko ala gutxi biltzea faktore askoren menpe dagoenez, eta egun bizi dugun egoera lagungarriena ez denez, garrantzitsuena ahal den neurrian laguntzea dela dio. Jendea kontzientziatzeko premia ikusten du, eta hori lortzeko talde indartsu bat sortzeko beharra. Honenbestez, Saharautz-Oriora batzeko gonbita egiten dute.
Bestalde, otsailaren 27a Saharako errepublikaren eguna dela aitzakia hartuta balkoietan banderak jarriko dira.