Urtarrilaren 24an, ostiralean, jokatuko da Euskal Herriko mus txapelketako Orioko kanporaketa. Sarasua erretegian egingo da saioa gaueko 22:00etatik aurrera. Ordura arte izango du parte hartu nahi duenak izena emateko aukera, 21.30etan hasita.
Txapelketara aurkezten diren bikote kopuruaren baitakoa da Gipuzkoako txapelketarako sailkatuko direnen zenbatekoa, beraz, hori egunean bertan argituko da. Mus federazioak txapelketarako prestatutako arauen arabera jokatuko da. Legeak eskura izango dituzte lehengo saioan, baita www.euskalherrikomustxapelketa.org webgunean ere.
Orioko kanporaketak bosgarrenez egingo diren arren, lehen aldia da Gipuzkoako kanporaketa ere bertan jokatuko dela, herriko plazan hain zuzen ere. Otsailaren 15ean izango da eta 120 bikote inguru izango direnaren aurreikuspena daukate antolatzaileek. Lehendabiziko lau bikoteek, gainera, saria ziurtatua daukate. Irabazlearentzat txapela, garaikurra, 3.000 euro eta Kariberako bidaia lau pertsonentzat guztia barne; bigarren bikotearentzat garaikurra, 1.500 euro eta Kanariar Uharteetara bidaia bi lagunentzat; hirugarrenarentzat 750 euro eta asteburuko egonaldia lau pertsonentzat; eta azkenik, laugarrenarentzat, 500 euro eta bi matrikula ikasturte osoan euskara ikasteko.
Bikote sailkatuek final handirako txartela lortuko dute, zeina martxoaren 8an izango den, larunbatean, Nafarroa Beherako Heleta herrian.
Oriotarrak mus-zale
Oriotarrak musean asko aritutakoak dira; Orion gustuko jokoa da, alegia. Txapelketetako parte-hartzea gutxitu den arren, lehiaketatik kanpo oraindik ohitura handia dago jokatzeko. Ekimen horiekin, beraz, musa indartu nahi da herrian, eta bide batez, herritarrak txapelketara gerturatu.
Laguntza eske
Orion euskal giroan ospatuko den Gipuzkoako txapelketa behar bezala antolatzeko laguntzaileak behar dituzte.