'Tormeseko itsumutila'-ren aurkezpena.
Lotura Films etxeak ekoitzitako
Tormeseko itsumutila animaziozko filma kaleratu du Elkar argitaletxeak DVDan. XVI. mendeko Espainiaren erretratu latza eta sarkastikoa egiten duen izenburu bereko eleberri anonimoa hartu du oinarri Juanba Berasategi zuzendariak. Filma lantzerakoan, berriz, Nikolas Ormaetxea
Orixe-k 1929an euskarara itzulitako bertsioa hartu dute kontuan. Jose Angel Lopetegi arduratu da marrazkiez, eta Mitxel Murua idazle zarauztarrak landu du gidoia, Joxan Muñozekin batera.
Espainiako literaturako obra ezagunenetariko bat da
Tormeseko itsumutila. Animaziozko filmaren proiektuan murgildu aurretik, eleberria irakurrita zuela onartu du Muruak. «Orixeren bertsioa euskara ikasten aritu nintzenean irakurri nuen. Klasiko bat da, eta klasikoen artean dibertigarrienetako bat da, gainera. Istorio herrikoi bat da, eta moral aldetik ez du halako mezurik».
Haurrentzat moldatua
Filma hamabi urte inguruko neska-mutilei zuzenduta dago, nahiz eta
Tormeseko itsumutila ez den inondik inora ere haur literatura. «Are gutxiago idatzi zuenarentzat». Baina, abenturaz beteriko kontakizuna denez, «ez da horren lan zaila» izan haurrentzat moldatzea. «Gaiztakeriaren bidez, itsumutila aurrera ateratzen da bizitzan. Horretarako, denetarik egiten dio itsuari, baina itsua aurreratu egiten zaio. Abenturatxo horietan onarritu gara». Itsuaren eta bere itsumutilaren arteko istorioari eman diote garrantzia. Izan ere, «eleberri hau aipatzerakoan, jendearen imajinarioan bi horien arteko harremana geratu da».
Haurrei zuzendutako produktua izanik, laburtu egin behar izan dute eleberria. «
Tormeseko itsumutila kasik egokiagoa da egungo telebistarako, kapitulutan banatuta dagoelako. Baina, kasu honetan bezala, film batera eraman behar baduzu, aukeraketa bat egin behar duzu», azaldu du gidoigile zarauztarrak. Hori horrela, 70 minutu inguru irauten du animaziozko filmak.
Eusko Jaurlaritza, EITB, Andaluziako Junta eta Canal Sur erakundeekin egindako koprodukzioa da, soilik telebistan eta saio ez-ofizialetan proiektatzeko egina. «Telebistarako egina dago, baina filmaren egitura dauka». Euskal Herrian oraindik eman ez badute ere, Canal Sur katean estreinatu dute.
Herri xehearen deskripzioa
Oro har, «pikardiaren edo gaiztakeriaren errepresentazioa» dela nabarmendu du Muruak. «
Tormeseko itsumutila herri xehearen deskripzioa da. Eleberria irakurrita jakin daiteke nola bizi ziren garai hartan, baita zer beldur, behar eta premia zituzten ere. Maila horretan pikardia zen bizirauteko zuten baliabide bakarra ia-ia».
Orduko Espainiako gizartea «desastre hutsa» zela esan du gidoigileak. «Amerika deskubritu berria zuten, baina hango benetako altxorra ez zen urrea edo zilarra, janaria baizik. Amerika deskubritzea, batez ere, gosea kentzea izan zen».
Tormeseko itsumutila sasoi horren aurrekoa da, eta horren harira, gizarte krudel bat aurkezten du. «Beraz, itsumutilaren helburu behinena gosez ez hiltzea izango da nola edo ala».
Ardoa elementu bereizgarri gisa agertzen da kontakizunean, eta denetarako balioko du. «Edateko baino gehiagorako erabiltzen dute ardoa. Arazoak ardoz konpontzen dituzte, hain justu ere. Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlanean esne beroa erabiltzen zuten hankeko mina edo tripako mina sendatzeko; ijituek sua erabiltzen dute; andaluzek olioa... Salamanca eta Toledo aldean, berriz, ardoa. Nik lotura hori egin nuen: han ez zuten ezer, eta zutena denetarako baliatzen zuten».