Nekane Larrañaga: "Hizkuntzak ez badira erabiltzen ahaztu edo galdu egiten dira"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 28a

Nekane Larrañaga. Gaztetan ikasi zuen Nekane Larrañagak ingelesa (Getaria, 1955) eta ordutik ingelesa landuz bere maila mantentzea lortu du. Zarauzko ingeles mintza praktika saioetan parte hartu du bi urtez, eta ostegunetik aurrera Orion abiatu nahi ditu ingeles solasaldiak. Nolatan bururatu zitzaizu ingeleseko mintza praktika saioak antolatzea? Azken bi urteetan Zarautzen antolatzen diren ingeleseko mintza praktika saioetara joaten aritu naiz. Hasieran Euskalduna tabernan izaten ziren, eta ondoren Txiki Politen egiten genituen. Ez dira ingeleseko ohiko eskolak, ez dago gai jakinik. Guztiz librea da, eta mementoan ateratzen diren elkarrizketarako gaiak jorratzen ditugu. Herritar guztiek parte hartu dezakete, eta norberak bere iritzia eman dezake modu askean. Gainera, ingelesa lantzeaz gain, harreman berriak ere egiten dira. Oso atsegina da. Bakoitza bere beharren eta ordu libreen arabera joaten da saioetara. Denak batera, ala taldetxoetan parte hartzen da solasaldietan? Bost-sei lagun baino gehiagoko taldeak mota honetako mintza praktikak egiteko ez dira baliagarriak, jendea izutu eta isildu egiten baita. Solaskideak etorri ahala bost-sei laguneko taldeak osatzen joatea da nire asmoa. Talde bakoitzak nahi duenari buruz hitz egin dezake. Horrela jendeak lotsak alde batera utzi eta errazago hitz egiten du. Hanka sartzen bada ez du axolarik, hizkuntzak hitz egiteko baitira. Izaten da jendea gehiago dakienak zuzentzea nahi izaten duena eta beste batzuei berriz ez zaie gustatzen. Bakoitzak ikusten du zuzendua izan nahi duen ala ez. Beraz, maila desberdineko jendeak parte hartu dezake, ezta? Oso maila desberdinak izaten dira. Batzuk justu-justu moldatzen dira, eta besteek berriz ingelesez hitz egiteko erraztasuna izaten dute. Guztiak izango dira ongietorriak ingeleseko mintza praktika saioetara. Zarautzen ekimenak duen arrakasta ikusita pentsatu nuen polita izan zitekeela Orion ere mota horretako egitasmoa martxan jartzea. Ostegunean egingo dugu lehen saioa, eta Zarautzen mintza praktika saioak dinamizatu dituen Arantxa Aldalurrek parte hartuko du lehen hitzorduan. Nik neuk gero eta gehiago sinesten dut auzolanean abiatutako proiektuetan; uste dut ahal dugun heinean geure herriari eman egin behar diogula, eta dena ez dela diruaren truke egin behar. Ni neu prest nago nire denbora librea honetarako eskaintzeko. Izango da jenderik eskolan oinarrizko ingelesa ikasi eta ordutik erabili ez duenik. Horiek ere animatuko al zenituzke saioetan parte hartzera? Hizkuntzak ez badira erabiltzen ahaztu edo galdu egiten dira. Zarautzen, esaterako, bazen jendea entzutera soilik joaten zena. Nik beti animatzen dut jendea hitz egitera, ez du axola gaizki hitz egitea, ahalegina egitea da garrantzitsuena. Dena dela, ez da presionatu behar, agian hasieran entzuten duena, saioak pasa ahala, hitz egitera ere animatuko da. Ez da erraza izango ingelesa ikasi eta maila mantentzea, ezta? Ez, ni neu oso gazte joan nintzen Ingalaterrara, eta bertan bizi izan nintzen ia hiru urtez. Adin aproposa nuen hizkuntza berri bat ikasteko. Gainera, nire lanbideagatik maila hori mantentzen lagundu dit. Nola mantendu daiteke ingelesez maila? Komunikabideek asko laguntzen dute ingeles maila mantentzerakoan. Hala ere, nik jakin badakit ez dela erraza telebista ingelesez jartzea etxean. Irakurtzeak ere hiztegia aberastu dezake, eta gramatika egiturak barneratzen lagundu. Dena dela, ez da nahikoa, ahozkoa ere landu egin behar da eta mintza praktika saioek horretarako bidea eskainiko die bertan parte hartzen dutenei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide