Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur eguerdian, 2014ko aurrekontuak osatzeko Denon Artean ekimenaren balorazioa egin du Azpeitiko Udal Gobernuak. Eneko Etxeberria alkateak azaldu duenez, azaroan eta abenduan zehar 400 ekarpen baino gehiago jaso dituzte herritarrengandik; "ekarpenak gero eta gehiago dira, batzuk oso egokiak dira eta oso ondo formulatuak daude, herriko egungo egoera kontuan hartuta eginak". Auzoz auzo eta arloz arlo egin dituzten batzarretan, Internet bidez nahiz Azpeitiko hainbat puntutan ipinitako buzoien bitartez jaso dituzten ekarpenak aztertzen eta baloratzen ari da orain Udala.
Batzarretan, "oso ikuspegi eta sentsibilitate desberdineko jendeak" parte hartu duela adierazi du, eta oro har, parte hartu duten horiek Denon Artean ekimena eta prozesua "oso ondo baloratu" dutela, gaineratu du. Bi urteko prozesuaren ondoren, aurrekontuak diseinatzeko ekimen hau "egonkortua dago, sendoa da" eta zera gaineratu du: "azpeitiarrek ez lukete onartuko hemendik aurrera aurrokontuak herritarren parte-hartzerik gabe egitea".
Aurrera egiteko gakoa, "parte-hartze hau egunerokotasunean txertatzea" dela nabarmendu du alkateak, eta horretarako bi neurri hartu behardirela adierazi du: "Batetik, Udal zerbitzuen antolaketan aldaketak egin beharko dira zerbitzua hobetzeko eta azkartzeko, eta bestetik tresna teknologikoak ere garatu beharko dira, herritarrek egunerokotasunean euren ekarpenak egin ahal ditzaten".
Jaso dituzten ekarpen gehienak hirigintzari lotutakoak direla adierazi du, "ez derrigor obra faraonikoak, izan daitezke farolak, zebra bideak eta era horretako gauzak". Udalak argi ditu zeintzuk diren aurrekontuetarako lehentasunak, "ekonomia suspertzea eta behar sozialei erantzutea". Aurreratu dutenez, otsailaren hasieran onartuko dituzte 2014rako Udal Aurrekontuak.