Zarauzko Udalak eta Artezaleak elkarteak elkarlanean Hesolak ekimena martxan jarri zuten 2013ko urrian. Horren baitan, hilean behin, heziketarekin eta sormenarekin loturiko ikastaroak egiten dituzte Ebro Etxean. Bideo edizioa, musika sormena, antzerkia, literatura eta beste hainbat alor landuko dituzte tailer horietan, eta horietako bat emango du Eneko Balerdi aiarrak.
Dantza garaikidea landuko du tailerrean, eta esperientzia maila guztietako jendea jaso nahi du Balerdik bertan. Hortik abiatuta, nork bere mugimendua ezagutu eta landuko ditu. Hiru zati izango ditu saioak: lehenik, gorputzari eskainiko diogu arreta guztia; ondoren, gorputzak espazioa eta denborarekin duen erlazioa landuko dugu koreografiaren bitartez; eta hirugarrenik, sortze prozesu labur bat esperimentatu eta partekatuko dugu – dio Balerdik.
Dantza garaikideko goi mailako ikasketak eginak ditu Eneko Balerdik, eta Eszena zuzendaritzan eta Hezkuntzaren psikologian ikasten jarraitzen du. Dantzari, koreografo eta irakasle lanetan aritu da eta gaur egun Organik dantza-antzerki konpainian eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean egiten du lan.
Hasiera batean urtarrilaren 18rako zegoen programatuta Zarauzko ikastaroa, baina hainbat arrazoigatik bertan behera geratu zen eta otsailaren 1ean egingo dute azkenean, Zarauzko Ebro Etxean 10:00etatik 13:00etara.