Abortuaren erreformaren aurkako mozioa aurkeztu du Zarauzko Ezker Anitzak

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 24a

Mariana Aranburuk, Ezker Anitza udal taldeko bozeramaileak mozioa aurkeztu du Zarauzko Udalbatzak PPk proposatutako abortu legearen erreforma "berehala" erretiratzeko eska dezan. Aurreproiektua martxan jartzeko asmo hori bertan behera utzi eta salatzeko antolatu diren mobilizazioetako bat da mozio hori. Bertan, haurdunaldiaren borondatezko etenaren gaineko erreformak emakumeen berezko eta funtsezko eskubideak bermatu eta areagotu behar dituela dio Ezker Anitzak.  "Abortu librea, doakoa, publikoa eta kode penaletik kanpo dagoena defendatzen dugu".

Zentzu horretan, bestelako lege bat "beharrezkoa" dela  nabarmendu du Ezker Anitzak. Batetik, horrek nahi gabeko haurdunaldiak saihesteko prebentzioa bultzatu beharko duela dio, emakumeei sexu heziketa eskainiz eta genero ikuspegia kontuan izanda. Bestetik, lege horrek  emakumeek "libreki eta oztoporik, baldintzarik eta zigorrik gabe" erabaki dezaketela jaso beharko du. Era berean, kontzientzia-objekzioa arautu beharko du, hori "mediku atzerakoienen" argudio bihur ez dadin. Horri lotuta,  ez du "zalantzan" jarriko emakumeek euren bizitzaren gainean duten erabakitzeko ahalmena, eta horien autonomia bultzatu beharko du. Horrez gain, lege berriak borondatezko abortua kode penaletik ezabatzeko eta antisorgailuak osasun publikoaren sisteman sar ditzala jaso beharko lukeela dio zinegotziak, eta profesionalak horretarako prestatu beharko liratekeela. Halaber, haurdunaldiaren etena Nazioarteko Osasun Sisteman jasotzeko ere eskatu du.

Ekimenak

 Aranburuk Udalbatza abortua zigortzeko lege proposamen horren aurka gehiengoz—asteazkenean, hilaren 29an izango da plenoa— agertuko dela espero du, eta ondorioz,  Parekidetasun Saila zein Emakumeen Kontseiluak salaketa ekimenak bideratuko dituela. Zarauztarrek PPren abortuaren "erreforma ultraeskuindarra" sala dezaten eskatu du alderdiak, "emakumeek  amatasunaren gainean erabakitzeko ahalmena eta eskubidea urratzen duelako".  Ildo horretatik, datozen egunetan antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide