Santa Engraziko erlojuaren mekanika.
Santa Engraziko erlojuak ehun urte bete ditu aurten, eta erloju haren egilearen birbilobak, Xabier Alvarez Yereguik,
hitzaldia eskainiko du gaur, 21:30ean, Aizarnako Aranburu jatetxean. Yereguitarrak, errementari eta erlojugileak.
Bost belaunaldi izena du hitzaldiak, eta bere familiaren historiaz ariko da, besteak beste, Alvarez.
Betelutik Zumaiara
Yeregui familia Betelukoa zen izatez. Han hasi ziren lanean. Errementarien bigarren belaunaldiko kide bat hasi zen erlojuak egiten. 1827an egin zuen lehena, Iruñeako San Lorenzo elizarako: 1849tik aurrera 142 urtez udaletxetik sanferminetako etxafuegoaren ordua eman zuen. Handik bi belaunalditara, Alvarezen birraitona Benito Yeregui hasi zen erlojugintzan. Betelutik Aginagara joan zen bizitzera, eta 1905 urte inguruan Zumaira mugitu ziren. Bertan hil zen, 1912an.
Ustez Benito Yereguik egindako azkena da Santa Engrazin dagoen erlojua, 81.a. Egilea hil eta bi urtera muntatu zuten erlojua haren seme Calixtok eta Jose Mari Azpeitiak, gaur egungo mantenuaz arduratzen den Jose Mari Azpeitiaren aitonak. «Auzotarrek erositako erlojua izango dela suposatzen dut, udalak erosi zuenaren aztarnarik ez baitut oraindik aurkitu», esan du Alvarezek.
1995ean automatizatu egin zuten, eta ordutik, inork kordarik eman beharrik izan gabe fin-fin jotzen ditu erlojuak orduak eta erdiak.