Astelehenean egingo dute Corrugados Azpeitia eta Lasao lantegien epaiketa

Olatz Prat 2014ko urt. 24a, 11:00

Corrugados Azpeitiko langileak gaurko elkarretaratzean (Nerea Uranga) Madrilera (Espainia) doaz astelehenean Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langile ordezkariak, lantegirik eta lanik gabe utzi zituen iraungitze txostenaren gaineko epaiketa baitute bertan, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Alfonso Gallardo Taldeak Azpeitiko 300 langile kaleratu eta lantegia itxi zuen uztailean, Lana Erregulatzeko Txosten baten bidez. Txosten berarekin, Corrugados Lasao lantegiko 68 langileetatik 38 kaleratu zituen Gallardok abuztuan. Epaiketa astelehean hasi eta amaituko da, aurreikuspenen arabera. Gallardoren azken orduko proposamenik balego soilik luzatuko litzateke. «Dena den, diru gehiago eskaintzen badu, ez dugu onartuko —esan du Esteban Kanpos Corrugados Azpeitiako langileen ordezkariak—, jendeak lana nahi baitu, eta ez dirua». Epaia hilabeteren bueltan iritsiko dela aurreikusten dute. Bi plantetako langileek argi dute Gallardok zergatik eraman duen gaia Madrilera: «Hemen kontrako hiru epai jaso ditu, eta hara joan da pentsatuz hango epaileak bere alde errazago egingo duela», uste du Kanposek.  «Madrilera eramatearekin, negoziaziorako esparru naturala deuseztu eta mobilizatzeko indarrak ahuldu nahi dituzte», esan dute Lasaoko langileen ordezkariek. Lasaokoek mobilizatzeko indarrik badute oraindik, ordea, eta datorren astelehenean elkarretaratzea egingo dute 10:30etik 11:30era Azpeitiko plazan, «Gallardo Taldearen maniobra suntsitzaileen aurka, lanpostuen eta etorkizuna bermatzearen alde eta espediente fartsa honekin amaitzeko eskatuz». Bideragarritasunaz ziur Lasaoko nahiz Azpeitiko lantegietako beharginak ziur daude bi lantegien bideragarritasunaz; bideragarritasun plana eskatzen dute aspalditik, eta hori izango da Madrilen aldarrikatuko dutena. Lasaoko langile ordezkarien hitzetan, «2010 eta 2011 urteetan irabaziak izan genituen eta 2012an galerak izan ziren lanerako materialik ekartzen ez zigutelako». 2013an eta 2014an ere egoera berdinean jarraitzen dutela azaldu dute. Lan egin nahi eta ezin. Zuzendaritzarekin bildu nahi eta ezin. «Enpresako arduradunek badakite zein gabezia ditugun Lasaon, baina ezjakinarena egiten dute», diote. Frantziatik egunero jasotzen dituzte eskaerak, baina ez dute materialik haiei eskaintzeko. «Enpresa honek merkatua du, bideragarria da eta etorkizuna du gure sare industrialean»; hori dela eta, «hiltzen uzten ari diren horiei konpromiso sendoak» eskatu dizkiete, baita Eusko Jaurlaritzari ere, «haien inplikazio sendoa» beharrezkoa dutela uste baitute beharginek. Azpeitiko lantegiko beharginak ere konbentzituta daude lantegia itxi zenean bideragarria zela. «Hori defendatzera goaz. Iazko martxoan zenbaki positiboak izan genituen, lan eskaerak zeuden baina ez zituen hartu», diote. «Azken momentura arte egon gara bideragarritasun plan bat aurkeztuz gero puntu guztiak negoziatzeko prest, baina aldebakarreko erabakia hartu zuen Gallardok, gu denok kaleratzea, alegia».Sei hilabeteko greba egin zuten 2012an eta «negoziazioa ahalbidetzeko» asmoz utzi zuten; «proposamenak egin genituen baina ez genuen inolako erantzunik jaso, eta azkenean iraungitze txostena aurkeztu zuen gu guztiontzat», esan du Kanposek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide