Maddi Gallastegi Zugako kidea (Aiora Larrañaga)
Maddi Gallastegi (Zumaia, 1989) Zumaiako Gazte Asanbladako kidea izateaz gain, 2008an Erkibe etxea okupatzea egotzi zieten hamar gazteetako bat da. Otsailaren 7an bertso saio bat egingo dute, epaiketaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko. Gai horretaz aritu da HITZA-rekin.
Zer dela eta antolatu duzue otsailaren 7rako bertso saioa?
Zumaiako hamar gaztek 2013ko urtarrilean epaiketa izan genuen Erkibe etxea okupatzea egotzita. Ondorioz, isun ekonomikoa ordaindu eta gastu judizialak geure gain hartu behar ditugu. Hasiera batean, akusazio partikularrak 80.000 euroko kalte ordaina eskatzen zuen, eraikina guztiz txikitu genuela argudiatuta. Guk epaiketan Erkibe etxea okupatu izana aldarrikatu genuen eta epaileak horregatik zigortu gintuen. Zigortuak izan ginenez, akusazio partikularra pozik geratu zen eta kalte ordain eskaera kendu egin zuen. Azkenean, bakoitzari 300 euro inguru ordaintzea eta horretaz gain epaiketaren eta abokatuen gastuak ordaintzea tokatu zaigu. Horri guztiari aurre egiteko hainbat ekitaldi antolatu ditugu, eta otsailaren 7ko bertso saioa izango da ekitaldi nagusia.
Nola gogoratzen duzu Erkibe etxea okupatu zenuten garaia?
Garai hartan Zumaian gazte mugimendua sortu zen. Gazte bezala hainbat gabezia genituela jakinda, horiek lantzeko beharra genuela ikusten genuen. Lanketa horiek aurrera eramateko gazteen arteko harreman sareak indartzea garrantzitsua zela konturatu ginen, Zumaiako gazteak koadriletan banatuta egon garelako beti. Asanblada sortu genuen eta gaztetxe bat izateko udalarekin negoziatzen hasi ginen. EA eta ANVk osatzen zuten orduan udal gobernua, eta bileretan jarrera positiboa izan zuten gurekin uneoro; hala ere, denbora pasa ahala ikusi genuen pauso gutxi ematen zituztela. Horregatik, hitzetatik ekintzetara pasa eta 2008ko uztailaren hasieran Erkibe etxea okupatu genuen. Handik hamar egunera Ertzaintza etorri zen eta agenteek identifikatu egin gintuzten.
Herritarren babesa sentitu al zenuten?
Zumaia herri mugimendu aldetik inoiz ez de herri bizia izan. Gaztetxea Zumaiarentzat arnasgunea izan zen, herritarrek modu batera edo bestera bat egin zuten gure ekimenarekin. Hasieratik herritarrek ateak zabalik izan dituzte gaztetxean, eta okupatu eta segituan I. Gaztetxe Eguna antolatu genuenean herritar orori zuzendutako ekintzak antolatu genietuen: haurrentzako jolasak, hitzaldiak, kontzertuak... Ilusioa sentitzen zen herrian, bakoitzak zerbait jarrita, zerbait handia lortu genuenaren ilusioa, alegia.
Zer da zuentzat gaztetxea?
Guk gaztetxea borrokarako tresna moduan ulertu dugu, baina tresna hutsa den heinean, beti izango da ordezkagarria. Espazio fisiko bat da; gaztetxea dinamikoa izatea gazteok egiten dugu. Horregatik, Erkibe etxetik irtenarazi izanak ez du esan nahi mugimendua hil denik. Gaztetxe berrian buru-belarri lanean jarraitzen dugu auzolanean espazio askeak eraikitzen eta hainbat lanketa egiten.
Lehen sentitu zenuten babesa behar al duzue orain ere?
2009ko uztailean irtenarazi ziguten Erkibe etxetik, eta etxea utzi eta bi hilabetera udalak gaztetxe berriarentzat Torreberri eraikina utzi zigun. Ordutik denbora asko pasa da, eta gaztetxe berria martxan jartzeko ilusioarekin Erkibe etxearen okupazioaren auzia ahaztu egin da herrian. Gaur egun gaztetxea badugu, oso pozik gaude eta ekimen ugari antolatzen ditugu, baina hori lortzeko bidea zein izan den gogorarazi nahi diegu herritarrei.
Bertso saioa zer moduzko harrera izaten ari da herritarren artean?
Oso ona. Zumaian bertan ez ezik, eskualdeko hainbat herritan salgai jarri genituen sarrerak, eta dagoeneko Zumaiakoak agortu dira. Orain eskualdean zehar banatuta genituenak herrira ekartzea pentsatu dugu, beraz Metro, Nikol eta Inpernupe tabernetan daude salgai. Herritarrak bertso saioan parte hartzera animatu nahi ditut, ezustekoz beteriko saioa izango delako.