Agirre, Etxeberria, Bastarrika eta Portilla, gaur, orientazio zentroen aurkezpenean
(Ane Olaizola)
Egungo egoera ekonomikoari, eta batez ere langabeziari aurre egiteko asmoz, enplegurako orientazio zentroak zabaldu dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Iraurgi Berritzen-en bidez eta Lanbiderekin elkarlanean. Langabezian dauden herritarrek, horretarako arriskuan daudenek, euren enplegua hobetu nahi dutenek nahiz lanpostua izanda ere «modu aktiboan» enplegua topatzeko asmoa dutenek hainbat zerbitzu izango dituzte eskura Azkoitiko Bizenta Mogel kalean eta Azpeitiko Sindikatu Zaharrean.
Abendu amaieratik zabalik daude orientazio zentroak, eta hango zerbitzuak herritarrei plazaratzeko asmoz aurkeztu dituzte goizean Azkoitiko eta Azpeitiko alkate Pello Bastarrikak eta Eneko Etxeberriak, Iraurgi Berritzen-eko zuzendari Jexux Agirrek eta Iñaki Portilla Azpeitiko Udaleko Industria zinegotziak.
Langabezia bailarako «arazorik larrienetarikoa» dela azpimarratu du Etxeberriak, Iraurgi Berritzen-ek egindako abenduko datuen arabera, pixkanaka langabezia gutxitzen ari bada ere. Abenduan bailarako biztanleen %14,85 zegoen langabezian, Gipuzkoako batez-bestekoa baino gehiago. Langabezia gutxitu eta enpleguaren kalitatea hobetzeko eskura dituzten «baliabide guztiak» erabiltzeko konpromisoa hartuta dute udalek, eta bide horretan beste pauso bat eman dutelakoan dira; orientazio zentroen bitartez, beharra duten biztanleei «ahalik eta zerbitzu pertsonalizatuena» eskaintzea da euren asmoa, «pertsona bakoitzaren aukera ahalik eta gehien indartzeko».
Bulego horiek «ahalik eta erreminta eraginkorrena izatea nahi dute arduradunek, eta horretarako hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte; zentro bakoitzean orientatzaile bana egongo da, eta herritarrak aholkatu eta horien diagnostikoa egingo dute. Interneten ibiltzeko ordenagailuak eta liburutegi eta hemeroteka bat ere izango dute, eta bertan aldizkari espezializatuak eta material grafikoa aurkituko dute. Banakako eta taldekako orientazioa ere jasoko dute herritarrek; hala, Lanbiden izena eman, eskaerak berritu, curriculuma eta gutuna egin, lan elkarrizketak prestatu, lana «modu aktiboan» bilatu, gizarte trebetasunak eta komunikazioa landu eta autoenpleguaren inguruko informazioa jasoko dute, besteak beste. Gainera, bailarako ekintzaileek euren bilerak egiteko gune bat ere izango dute zentroetan. Zerbitzu pertsonalizatuak lortzeko, hitzordua eskatu dezakete orientatzaileekin.
Horrez gain, Alberdik jakinarazi du aurrera begira gisa honetan lan egiten jarraituko dutela: «Eskualdean elkartuta ari gara lanean, ahalik eta baliabide gehien martxan jartzeko».
Arduradunen arabera, oraindik herritar gutxi bertaratu da bulegoetara, eta orientazio zentroak erabiltzera animatu dituzte horiek. «Bulegoak irekita dauden orduetan, ordenagailuak eta bestelako baliabideak herritar guztien esku daude». Azkoitian, Bizenta Mogel kaleko 6. zenbakiko etxabean dago bulegoa. Astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 13:00etara dago irekita, eta astearte eta ostegunetan 15:30etik 18:30era. Hango telefonoa, berriz, 943-08 34 69 da. Azpeitian, Sindikatu Zaharreko 3. solairuan daude, astelehenetik ostegunera bitartean 09:00etatik 13:00etara, eta astelehen, asteazken eta ostiraletan 15:30etik 18:30era. Telefonoz harremanetan jartzeko 943-02 60 63 zenbakira deitu behar da.
Azkoitiko bulegoko orientatzailea, herritar batzuekin
(Ane Olaizola)
20 lanpostu berri bailaran
Orientazio zentroez gain, 2012tik bailaran beste 20 lanpostu sortzeko tramitetan ari direla jakinarazi zuten alkateek. Horietatik bost lanpostu Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzen bidez sortuko dituzte, eta gainontzeko hamabostak Enplegu Planaren barruan egingo dituzte, Lanbideren bitartez. Urola Ekiten proiektuaren barruan sortuko dituzte 15 lanpostuak, honako bost proiektutan banatuta; bata EkoBailara II da, eta eko-teknologia, ekonomia berdea eta jasangarritasuna ditu ardatz. Zortzi lanpostu sortuko dituzte egitasmo honetan, eta tokiko jasangarritasuna, lehen sektorea eta ingurugiroa bultzatzeko ekintzak egingo dituzte.
Bigarrena FabrikaTu da, eta fabrikazio aurreratua bultzatzea izango du xede, tendentzia horren inguruko ekintza berriak sortu ditzaten. Urola Erdiko konpententzia industrialak hartuko dituzte kontuan horretarako.
FormaTeu II, berriz, formazio espezializatuan oinarritutako proiektua da, iazkoa. Zahartzaroaren, ongizatearen, komunikazio teknologien nahiz internazionalizazioaren inguruko ikastaroak eman zituzten aurreko urtean, eta horri lotutako lanpostuak sortuko dituzte. Bi azpi-proiektutan banatu dute hori; bata FormaTeu II-Inter da, eta kudeaketa komertzialerako konpetentzien eta enpresa txiki eta ertainentzat nazioartekotze ikastaroekin dago lotuta; FormaTeu II-TICs, berriz, informazio eta komunikazio teknologia ikastaroen ingurukoa da. Azkenik, UrolEkinn proiektuarekin ekintzailetasuna sustatu nahi da, ekonomia sozialeko ekintzak sortzeko.