Mendebaldeko Sahararen aldeko janari bilketa egingo da Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 23a

Aurkezpeneko une batean, antolatzaileak. (Aiora Larrañaga/Hitza) Mendebaldeko Sahararen aldeko janari bilketa kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Orioko udaletxean, Oriotar bat kilo bat lelopean. Bertan izan ziren Saharautz elkarteko Orioko kide Ahmed Labeid sahararra, Orioko alkate Beñat Solaberrieta, Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizar, Zaragueta Herri Eskolako zuzendari Juanjo Zubizarreta eta Arkupe elkarteko lehendakari Ainhoa Fernandez. Datorren astean, urtarrilaren 27tik otsailaren 1era bitartean egingo dute janari bilketa herriko ikastetxe eta saltokietan, eta herritarrak egitasmoan parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzileek. Lekaleak, pasta, arroza, dilistak, atun latak, azukrea, konpresak eta jostailuak jaso nahi dituzte herriko ikastetxeetan eta Coviran, Loidi, Eroski, Spar, Dia eta Arantxa Arrillagaren saltokietan. Ekimenari amaiera emateko, berriz, otsailaren 1ean produktuak jasotzeko haima bat jarriko dute Orioko plazan goiz-eguerdi partean. «Beharrezko» laguntza Mendebaldeko Sahararen aldeko Euskal Herriko gainontzeko elkarteek bildutakoarekin batera euskal karabanan bidaliko dituzte Orion bildutako elikagaiak, Errio Natur Taldeak antolatzen duen jostailu truke azokan soberan geratu diren jostailuak, Ikastolak emandako zortzi ordenagailu eta botikak. Piztu itxaropena lelopean abiatuko da euskal karabana Afrikarantz. Orioko Saharautz elkarteko kideek azpimarratu dute oriotarren laguntza «beharrezkoa» dela sahararrentzat. «Errefuxiatu kanpamenduetan nazioartetik bidaltzen dieten kooperazio laguntzari esker bizi dira herritarrak. Munduan zehar gatazka ugari dago, eta Mendebaldeko Saharara bideratzen den laguntza jaitsi egin da azken urtetan. Ondorioz, behar handiak dituzte». Horretaz gain, otsailaren 27a Saharako Errepublikaren eguna dela aitzakia hartuta, balkoietan banderak jartzera animatu dituzte herritarrak. Janari bilketaren aurkezpen ekitaldian Zaragueta Eskolako zuzendari Juanjo Zubizarretak etorkizunari begira Orio eta Mendebaldeko Saharako La Guera herriaren arteko anaitasuna lantzeko ekimen gehiago abiatzea proposatu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide