Duela lau urte Zarauzko moila ondoan itota agertu zen haurraren aita erruduna dela ondorioztatu du herri epaimahaiak. Hilketaz gain, akusatuak bere emazte ohia mehatxatu zuela ere nabarmendu du. Hori dela eta, bi delitu horiek leporatuta 22 urteko zigorra eskatu du 44 urteko gizonezkoarentzat. Horren eta biktimaren arteko ahaidetasuna eta auzipetuak lekua eta ordua aprobetxatu izana kontuan izan ditu epaimahai horrek zigor eskaera egiteko.
Hala ere, lehenbiziko zigor eskaera «arindu» du herri epaimahaiak, —hasieran 23 urtez kartzelaratzeko eskatu zuen— auzipetuak egun horretan «alkohola kontsumitzeagatik ahalmenak kaltetuta » zituelako eta eskizofrenia arina duelako. Defentsak, berriz, delitu horregatik gutxiengo zigorra galdegin du auzipetuarentzat. Epaiaren zain geratu da auzia. Epaileak datozen egunetan jakinaraziko behin betiko erabakia.
Bi egun eman dituzte epaimahaikideek epaia erabakitzen, eta Fiskaltzarenarekin bat egin dute azkenean: hemezortzi hilabeteko umearen aita erruduna dela ondorioztatu dute. Ezbeharraren abiapuntua akusatuaren eta horren bikotekide ohiaren arteko eztabaida izan zela nabarmendu du fiskalak. Eztabaidaren ondorioz, gizonezkoak emakumeari heriotz mehatxua egin eta alaba etxetik eraman zuela adierazi du. Eta egun hori alkohola «kontsumitzen» igaro ostean, gauean haurra Zarautzera eraman zuela.
Horren arabera, aita-alabek gaua itsas pasealekuan igaro zuten. Auzipetuak atxilotu zutenean biek Montetxion egin zutela lo adierazi zuen, eta epaiketan, berriz, bertsioa aldatu eta malekoian—itsas ertzetik are gertuago— lokartu zirela. Gizonezkoak esnatzean, berriz, alaba desagertu egin zela gaineratu zuen epaiketan. Ondorioz, alaba itsasora «bere kabuz» sartu zela eman zuen aditzera. Berak ez zuela hil zin egin zuen, eta errugabea zela berretsi.
Fiskaltzak zein herri epaimahaiak, ordea, ez diote sinesgarritasunik eman akusatuaren bertsioari. Jakinarazi dutenez, gizonezkoak goizaldean alaba hartu eta itsasora gerturatu zen. Orduan uretara bota zuela nabarmendu dute, hura hiltzeko «asmo garbiarekin».
2010eko urriaren 7an gertatu zen hori. Egun horretan bertan atxilotu zuten gizona, eta ordutik kartzelan dago. Epaiketa, berriz, urtarrilaren 10ean hasi zuten.