Jon Andoni Martin 'Pegote'-k egindako argazki estenopeiko bat.
Kaxa beltz bat, erdian esteponoa deritzon zulo txiki bat duena. Oinarrian, nahikoa da hori argazki kamera bat sortu eta teknika estenopeikoa jorratzeko. Jon Andoni Martin
Pegote azkoitiarrak argazkilaritzaren sustraietara salto egin, eta argazkiak ateratzeko modu harrigarri batekin egin du topo. XXI. mendean, digitalizioaren aroan, argazkilaritza primarioaren «xarmak» liluratua du azkoitiarra.
Argazkilaritza estenopeikoa lente eta objektiborik gabe egiten dena da. Hala erakutsi dio UROLA KOSTAKO HITZAri: Kaxa batekin obturadore gisako zirkunferentzia egin, zinta beltzez estali, eta erdian zulo txiki bat egin du. Zuloari estalkia kendu, eta minutu batez esposizioan utzi, barruan argazki papera duela. Klikik egin gabe, argazkia sortu da makinaren barruan, magia bailitzan. Ez da, ordea, magia, eta argazkilaritza estenopeikoak, ohiko argazkilaritzak bezala, argia eta esposizio denbora du oinarrian. «Zulotik argia sartzen da, eta argia bera da argazkia egiten duena paperean», adierazi du argazkilariak.
Galleta eta egurrezko kaxak, zerbeza edo antxoa lata... argiari bidea itxi diezaiokeen edozein kaxa ilun bihurtu daiteke argazki kamera. Segundo, minutu, edo orduetan eduki daiteke esposizioan, eta denboraren arabera, tratamendua desberdina izango du gero; denbora tarte motzean edukiz gero, likido errebelatzailean eduki beharko da; bestela, zuzenean eskanerretik pasatu ahal izango da. Azkoitiarrak dagoeneko halako 15 makina egin ditu, eta herriko hainbat lekutan eduki ditu azken hilabeteetan, proba gisa.
Argazkigintza estenopeikoaren barruko solarigrafia teknika ere landu du; «honek eguzkiaren igaroaldiak ditu ardatz; eguzkiaren ibilbideen joan-etorriak argazki paperean grabatuta geratzen dira. Eguzkiak egindako marrak oso bitxiak dira, eta denbora igarobidea adierazten du». Solarigrafia lantzeko beharrezkoa da eguzkia, eta denbora luzeagoa eskatzen du. Bestean, esposizio denbora motzagoa izaten da.
Dagoeneko 200 argazki inguru atera ditu era hauek erabilita. Esku artean ditu orain arte egindakoak, eta probekin jarraitzeko asmoa du herrian. «Sei hilabetez edukiko ditut kamerak herriko hainbat puntutan».
«Argazkilaritza digitalarekin eta konposizio eta argi perfektuekin nekatu egin naiz. Hemen, konposizioa eta argia gutxi gora-beherakoa da. Atzera buelta bat da honakoa, eta argazkilaritza haren jatorritik ezagutzeko aukera ematen du», dio argazkilariak. Izan ere, argazkilaritzaren hastapenetan modu honetara egiten zituzten argazkiak, Pegotek jakinarazi duenez.
Paisaiak antxoa latetan
Irudi harrigarriak atera ditu azkoitiarrak Azkoitiko Oteiza pilotalekuetan, Santa Klara auzoan nahiz Trino de Uria inguruan. «Argazkiak oso desberdinak dira, ez dira ohikoak, baina irudiak nahikoa garbiak agertzen dira. Objektiborik izan ezean, ikusten duen guztia harrapatzen du. Guztia dago fokatuta, eta ez dago sakontasunik». Oinarrizko kamera eta baliabideak izanik, sormenerako aukera gutxiago ematen duela aitortu du.
Orain arteko emaitzekin gustura da azkoitiarra, eta argazkilaritza digitala lantzen badu ere, estenopeikoari denbora gehiago eskaintzen ari da gaur egun; «digitalarekin argazki asko berdinak dira, baina zerbait desberdina bilatu nahi dut». Argazkilaritzaren magia berreskuratu du Pegotek. Berak dioen bezala, «ametsen argazkilaritza» da estenopeikoa; «gisa honetara ez dakizu zer aterako den; horrek zirrara eragiten du. Etxera iritsi eta likidoa prestatu, eta hortik hasten da ikusten zer irudi aterako den». Digitalizazioak, berriz, magia hori galdu duelakoan da azkoitiarra; «digitalarekin ehunka argazki berdin atera daitezke, baina honekin ez. Ez dago halako masibotasunik».
Modu honetara bera da kameren diseinatzailea eta egilea, eta sortutako gailuen formen arabera, argazkiak ere desberdinak izaten dira; «sardina latekin, esaterako, argazkiak panoramikoak izango dira, eta irudiak mugagabeagoak izaten dira».
Askorentzat ezezaguna da argazkilaritza estenopeikoa: «Askok galdetzen didate ea kaxak zer diren. Azaltzen diedanean ere, askok ez dute ulertzen horren funtzionamendua». Horren arrotza izanik, hasieran berari ere esposiziorako neurria hartzea kostatu egin zitzaiola adierazi du: «Guztia probatzea da. Hasieran ondo pentsatu behar da, eta niri ere kostatu egin zait puntua harrapatzea. Batzuetan denbora gehiegi edukitzen nuen esposizioan, eta argazkia erre egiten zen». Pazientzia handiko lana ere badela gaineratu du; «orain arte ez nuen pazientzia lortzen ari naiz orain».
Kamera horiekin ateratako argazkiekin erakusketa bat zabaltzeko asmoa du, bere lanaren eta argazkilaritza mota honen berri emateko. Azken asteetan Ttakun tabernan izan ditu erakusgai horietako batzuk, eta egun Otarren daude denentzat ikusgai.