Zarrauztarrakoak aurreko denboraldiaren aurkezpenean.
Bukatu zuen moduan hasi du denboraldi berria Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak: emaitza onak lortuz eta podium gainera igoz. 2012-2013 denboraldian hainbat txirrindulari nabarmendu zen pistan, ziklo- krosean, mendi bizikletan eta errepidean: Iago Aizpurua eta Iñigo Eizagirre kimu edo alebinetan; Alex Garcia eta Haritz Erasun infantiletan; Jokin Aranburu eta Aratz Olaizola kadeteetan eta Asier Arana juniorretan. Era berean, Xabier Gorrotxategik 2012ko Zarauzko Kirolari Onenaren saria jaso zuen Zarauzko Kirol Patronatuaren eskutik, errepidean eta pistan egindako denboraldi onagatik.
2013-2014ko denboraldia hasi besterik ez da egin, eta momentuz pistako txapelketa jokatzen ari dira txirrindulariak. Emaitza onak lortuz, gainera. Aratz Olaizolak, hain zuzen, Gipuzkoako Pistako Saria irabazi berri du, junior mailan. Etzi Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dute juniorrek, txapeldunak izateko «aukera argiekin». Bestalde, otsailaren 1ean eta 2an, banakako Gipuzkoako Txapelketa izango da, kadete zein junior mailan.
Pista eta ziklo-kroseko txapelketak otsailaren hasieran bukatuko dituzte, eta ondoren, martxoa inguruan errepideko jardunaldiekin hasiko dira. Bitarte horretan, elkarteko txirrindulariak aurkeztuko dituztela aurreikusi dute. Horretarako, festa herrikoi bat antolatzeko asmoa dute elkarteko kideek. Izan ere, kirol horrek duen irudi «arriskutsua»—dopajearen auziak eta erorketek eraginda, kasu— aldatu eta herritarrak txirrindularitzara erakartzea da Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartearen helburua.
Egoera zaila
Gizarteak bizi duen egoera ekonomiko larria arlo guztietara zabaldu da, baita kirolera ere. Eta Zarauztarra elkarteak ere pairatu du hori. Iaz babesle nagusia erori, eta herriko enpresen eta saltokien laguntzarekin—Altuna autoak; Arazi, Kebidek eta Gesalaga enpresak; Aurrera eta Zarautz Playa tabernak; Azanza garajea; Zufiria garraioak; Garrastazu eta Zarautz optikak; Lukas eta Zarautz serigrafia— egin du aurrera. Horrez gain, Zarauzko Udalaren diru laguntza ere jasotzen du. Hala ere, kirol «garestia» da txirrindularitza, eta ez da nahikoa lau talde mantentzeko denboraldi osoan zehar.
Dena den, aurrera jarraitzea lortu du. Zailtasunak zailtasun, harrobia lantzen jarraitzen du elkarteak. Horren adibide da Aratz Olaizolak eta Jokin Aranburuk aurreko denboraldian lortutakoak. Pistan Espainiako txapelketan hartu zuten parte biek, Euskadiko Selekzioarekin.Taldekako abiadura proban kadete mailako marka berria ezarri zuten biek.
Horrez gain, jazarpenean, eskratxean eta 500 metrotan bigarren egin zuen Aranburuk Espainian eta Olaizolak hirugarren abiaduran eta 500 metrotan. Era berean, bigarren postuan sailkatu zen Euskadiko pistako txapelketan, ominum modalitatean eta Valentziako pistako ligako bigarren jardunaldian. Postu bera eskuratu zuen Aranburuk Gipuzkoako Sarian.
Ekitaldi gehiago
Errepidean, pistan, ziklo-krosean eta mendian ibiltzeaz gain, bestelako ekitaldiak ere antolatu ohi ditu elkarteak. Esaterako, mendi bizikleta festa egin zuten iaz ere, martxoaren 24an Abendañon. Elkarteak antolatu ohi du Joxe Mari Artetxeren omenezko Txirrindularitza Kriteriuma ere, Santa Klarako, Azken Portuko eta Aritzbataldeko festen barruan. Horrez gain, Txirrindularitza Egokituko Nazioarteko Kriteriumaz arduratzen da elkartea. Iosu eta Jose Angel Arroitaonandia anaiek hartzen dute parte proba horretan, tandemean.
Beste hainbat jardunalditan ere hartzen dute parte txirrindulariek. Sanpelaioetan txosna jartzen dute urtero Iñurritzan, eta San Silbestre lasterketan ere korritzen dute txirrindulariek, besteak beste.
Informazio gehiago bildu eta elkartearekin harremanetan jarri nahi izanez gero, bisitatu ondorengo webgunea:
http://zarauztarratke.blogspot.com.es