Lagunartean kantuan... eta solasean

Aritz Mutiozabal 2014ko urtarrilaren 23a

Anari Paperezko Kontzertuan, azaroan (Juan G. Andres) Musikaria entzulearengana eta entzulea musikariarengana gerturatzeko lanean, Garoa liburu dendak Paperezko Kontzertuak egitasmoa abiarazi zuen azaroan. Ahaleginak erantzun ezin hobea izan du lehen hiruhileko programazioko saioetan, eta aurkeztu berri duten bigarren hiruhileko eskaintzak ere arraskata bera izan du. Joan den astean jarri zituzten salgai hiruhileko berriko bonoak, eta egunean bertan agortu zirela nabarmendu du egitasmoaren antolatzaile Oier Aranzabalek. «Dena berria zen guretzat, eta ezusteko handia jaso dugu». Formatua gustagarria egin zaio publikoari, baina baita artista gonbidatuei ere. «Ikuspegi nahiko abstraktua geneukan hasieran guztiok, baina behin formatua zehaztuta, argiago ikusten hasi ginen». Euskal Herrian egitasmo berria izanik, musikariek beraiek ere bertan parte hartzeko «interesa» erakutsi dietela adierazi du Aranzabalek. Lehen hiru gonbidatuak Anari, Audience eta Bide Ertzean izan ziren. «Kontzertu bakoitza ezberdina izan zen, baina guztietan sekulako giroa izan dugu, giro berezia. Zalantzarik gabe, esperientzia positiboa izan da». Paperezko kontzertu berrietan Gari (otsailak 16), Mursego (martxoak 9) eta Mobydick (apirilak 27) bakarlariak ariko dira, eta hiru saioetan Euskadi Irratiko esatari Fermin Etxegoienek egingo ditu dinamizatzaile lanak. Saio guztiak, orain arte bezala, 11:30ean hasiko dituzte, igandeetan, Garoan. Zabaltzeko proposamenak Kontzertuetarako bonoak berehala saldu dituztela kontuan izanda, egitasmoa zabaltzeko proposamenak jaso dituzte; besteak beste, areto handiago batean egitea edo saio bikoitzak antolatzea. «Lekualdatzeko ideia baztertu egin dugu, egitasmoa Garoak antolatzen duelako eta dendatik kanpo zentzua galduko lukeelako. Aldiz, bigarren saio bat egiteari ez dizkiogu aterik ixten. Egitasmoak orain arteko erantzuna izaten jarraitzen badu, pentsatu beharko dugu zer egin parte hartu nahi duen jendearekin». Momentuz, bigarren hiruhilekoa orain arte bezala egingo dute. Hiruhileko pakete bakoitzak 30 euro balio du, eta azkarren ibili diren lehen 40 lagunek soilik gozatu ahal izango dute solasaldi musikatuaz. Arrakasta berehalakoa izan badu ere, bonoen kontuarekin mesfidati agertu denik ere izan dute. Hala eta guztiz ere, eztabaidak ez du luze iraun. «Hasieran arazo bezala ikusten zuten horiek egoerara moldatzen jakin izan dute; hiru lagunen artean bonoa erosi eta elkarren artean adostu bakoitza zein saiotara joango den, esaterako». Hiruhilekoa «formatu oso duina» da musikarientzat. «Esperientzia kolektibo bat izatea nahi genuen, eta saio guztietan 40-50 lagun inguru egotea bermatu. Musikazaleen kluba bultzatzea dugu helburu». Hain zuzen ere, musikazaleen borondatez aurrera egiten du ekimenak. «Etekina guztiek ateratzen dute, musikariek eta musikazaleek. Musikazaleek musikariekin aurrez aurre egon eta hitz egiteko aukera dute, eta, era berean, artisten lana baloratu egiten da. Jendeak erakusten duen miresmenarekin ez ezik, ekonomikoki ere bai», nabarmendu du koordinatzaileak. Hori horrela, bonoetatik ateratzen dituzten irabaziak musikariei ematen dizkiete. «Askotan musikariak izaten dira sakrifikatu behar izaten dutenak, baina gure helburua alderantzizkoa izan da: musikarien lana onartzea eta zaintzea. Azkenean, musikazaleek beraiek ekartzen dute musikaria hona». Eredu estimatua Paperezko Konzertuen saio bakoitza ikus-entzunezkoetan hilezkortzen dute, eta ondoren sarean partekatu. Eginiko ekoizpenek sarrera nabarmena izan dute, eta, alde horretatik ere, gustura daude antolatzaileak. «Musikariak akustikoan aritzen dira. Unplugged moldeak goraka handia bizi du egun, baina, agian, euskal musikagintzan ez da gauza askorik egin formatu horretan. Guk helburu horrekin sortu genuen egitasmoa, AEBetako NPR irrati katearen Tiny Desk Concerts eredua oinarri hartuta». Aranzabalen arabera, musikazaleek eta musikariek asko estimatu dute mailegutzan harturiko eredu hori. Bestalde, egitasmoa jendaurrean aurkeztu zutenean, aldi bakoitzean nazioarteko artista bat ekartzeko ahalegina egingo zutela iragarri zuten. Lehen hiruhilekorako Daughn Gibson programatu zuten, baina agenda arazoak medio ez zen etorri, eta haren ordez Audience taldea gonbidatu zuten. Bigarren honetan ere ez dago kanpoko inor. «Nazioarteko musikariak ekartzeko asmoarekin jarraitzen dugu, baina orain arte eginiko ahaleginek ez dute fruiturik eman, haien birako datek ez dutelako bat egin gureekin. Dena dela, nik uste dut laster izango dugula atzerriko norbait».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide