Langile borroka eta batasuna, ELAren bilkuran aldarri nagusiak

Olatz Prat 2014ko urtarrilaren 22a

ELA sindikatuak nazio mailako ekitaldia egin du gaur goizean Azpeitian. Izarraitz Frontoian Hego Euskal Herriko 1.500 ordezkari sindikal baino gehiago bildu dira, indarrak batu eta euskal geografia guztian gertatzen ari den enplegu suntsiketa salatzeko. Frontoia goraino betea zela, zortzi lagun igo dira oholtzara. Andoni Eizmendi Urola Kostako ordezkaria, zuzendaritzako kide Leire Txakartegi, Mikel Nogal eta Joseba Villarreal, baita Araceli Lopez, Loli del Castillo eta Mikel Zabaleta delegatuak ere. Ekitaldiaren azken zatian Adolfo Muñoz Txiki sindikatuko idazkari nagusiak hartu du hitza. Eizmendi izan da hitz egiten lehena. Urola Kostako egoerari erreparatuz, adierazi du langile klasearentzat «oso urte gogorrak» izaten ari direla azken hauek, «oso zailak, eta horren adibide da Urola Kostako egoera». Eskualdeko arduradunak azaldu duenez, «krisiaren hasieratik langabezia tasa laukoiztu» egin da Urola Kostan. «Eskualde txikia izanik ere, industriaz gainera, eraikuntzak eta altzarigintzak pisu handia izan dute gure errealitatean. Esanguratsua da krisiaren eraginez sektore hauetan hainbat enpresa txiki eta ez hain txiki itxi zaizkigula», esan du, Azcue y Compañia edo Xaxarki bezalako enpresak gogora ekarriz. Eskualdean «zailtasun handiz aurrera eta borrokan» jarraitzen duten lantegiez aritu da Eizmendi: Muebles Xey, Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao, TS Fundiciones eta Grumal. «Langile antolakuntzaren garrantzia» nabarmendu du Eizmendik, «borrokarako eta kontzientziaziorako». Dei egin die erakundeei, «benetan inplikatu eta lan egin dezaten» lantegi horien guztien etorkizunaren alde. Arazoaren iturburuari so ELA sindikatuaren zuzendaritzako kide Leire Txakartegik, Mikel Nogalek eta Joseba Villarrealek egoera orokorraren argazkia erakutsi diete han bildutakoei. Arazoaren iturburuari erreparatu eta arduradun politikoekin nahiz patronalarekin dituzten desadostasunak plazaratu eta haien jarrera salatu dute. «Gezurretan ari zaizkigu», esan du Leire Txakartegik mintzaldiaren hasieran: «Egoera hobera doala esaten digute, egunero entzuten dugu hazkundea badatorrela, 2014an enplegua sortuko dela, txarrena pasa dela, baina gure irakurketa oso bestelakoa da». Hego Euskal Herrian langabezia %17,1 dela eta gorantz doala azpimarratu du. «Lanaldi partzialaren eredua inposatu nahi dute, horrela langabezia datu errealak ezkutatuz; izan ere, astean ordubetez lanean ari dena jada ez da estatistiketan agertzen». Emakumeen, gazteen, adin batetik gorakoen eta etorkinen egoera «lazgarria» salatu du Txakartegik. Mikel Nogalek borondate politikoari egin dio aipu: «Ziur gaude borondate politikoa egonez gero, enplegua sortzeko politikak egin daitezkeela. Erabaki politikoa da hori ez garatzea». Henry Ford enpresari estatubatuarraren politika ekarri du gogora. Hark soldatak igo zizkien bere langileei, haiek kontsumitzeko diru gehiago izan zezaten, eta hala ekoizpena ere igo egin zen. «Soldatak jaisteak, beraz, ez du lanposturik sortzen, alderantziz, gehiago suntsitzen ditu», adierazi du. Aberastasuna banatzearen beharraz ere mintzatu zen Nogal. Hari honi jarraituz, Joseba Villarrealek honakoa esan du: «Lanpostuak balira krisiaren arrazoia, krisia hemendik urrun legoke, Finlandian edo Suedian», han langabezia tasa %8 inguruan baitago herrialde horietan. Negoziazio kolektiboa «hankaz gora eta blokeatuta» egotearen errua patronalari egotzi dio. «Harreman laboralak indibidualizatu nahi dituzte orain», Adegik asteon proposatutako lan harreman eredu berria salatuz. Egoera ikusita, «datorkigun proposamen bakoitzari kotoia pasa» behar dietela nabarmendu du; «mobilizatu egin behar dugu eta langileekin zuzenean hartu behar dugu konpromisoa, borrokarako konpromiso sendoa, irmoa, zintzoa eta egiazkoa baita gurea», gaineratu du. Patronalari aurre egitea Adolfo Muñoz Txiki, ELA sindikatuko idazkari nagusiak Adegiren Lan Harremanen Eredu Berria salatu du: «Urola Kostan ere betetzen dira Adegiren kontsignak, hemen nik agintzen dut, hemen ez da negoziatzen...», esan du. «Baina Adegik badaki borroka kolektiboak ekarri zituela emaitza sindikal eta sozialak, baita eskubide zibilak eta askatasun politikoak ere; horregatik hartu nahi gaituzte banan-banan, babes kolektiboa oztopoa delako», adierazi du. «Grumaleko, TSko eta Corrugadoseko zuzendaritzek ez dago negoziatzeko ezer» diotela eta Adegik «bere legeari» eusten diola salatu du. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak «estatuko patronalik erreakzionarioenari» emandako babesa ere gaitzetsi du Muñozek. Bestalde, soldaten jaitsierarik ez dutela onartuko azpimarratu du idazkari nagusiak: «Soldata ordainsari bat baino gehiago da. Izan ere, pentsioak ere hortik datoz, kotizazio bidez. Soldatak ere zerga bidez biltzen diren baliabideak dira, eta bidenabar, osasun publikoa, hezkuntza, gizarte-prestazioak etab.», gaineratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide