Darahli Elkartearen Sahararako janari bilketak herritarren erantzun "bikaina" izan du

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 22a

Darahli Elkarteak Mendebaldeko Sahararako janari bilketa egin du eta arduradunek azaldu dutenez, gutxi gora-behera 2.700 kilo elikagai bildu dituzte. "Karabanaren helburu nagusia herri sahararrarentzat ahalik eta elikagai gehien biltzea izan da, ondoren errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko". Zumaiako ikastetxeetan eta Eroski eta DIA saltokietan jarri dituzte janari bilketa postuak. Atun, azukrea, pasta, lekalea eta arrazo biltzen dituzten 180 kaxa osatu dituzte eta 18 poltsa handi konpresa jaso dituzte. Darahlitik azaldu dutenez, "herritarren erantzuna bikaina izan da eta iaz baino gehiago bildu dugu". Kanpainan parte hartu duten zumaiar guztiei eta bereziki ikastetxeei eskerrak eman nahi dizkie Darahlik. Sahararen Aldeko Euskal Karabanarekin bidaliko du Darahlik bildutakoa eta elkarteak Mendebaldeko Saharan martxan dituen proiektuen baitan beharra duten familientzat 21 eguzki plaka ere bidaliko ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide