Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zazpigarren urtez jokatuko dute aurten bailarako bertsozale elkarteak antolatzen duen Erniarraitz Sariketa. Hemezortzi bertsolari ariko dira Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo taula gainetan, eta eskualdeko ordezkaritza zabalagoa izango du txapelketak. Izan ere, Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo bertsolari ugarik hartuko dute parte txapelketan; «aurten, eskualdeko lau bertsolari gazte batu dira bertso eskolara, eta elkarteak horiei aukera eman nahi izan die, ezagutarazi daitezen», adierazi dute Erniarraitz Bertsozale elkarteko arduradunek. Txapelketaren helburuekin bat, inoizko txapelketarik gazteena izango da aurtengoa. Erniarraitzeko talde eragileak erabaki ohi du txapelketan zein bertsolarik parte hartuko duten. «Oso ezagunak ez diren bertsolariak ekartzen ahalegintzen gara, bailarako txapelketan aukera bat izan dezaten». Asmo horretan, pixkanaka bere lekua hartzen doan txapelketa dela berretsi dute kideek; «poliki-poliki indarra hartzen goazela uste dugu». Aurtengo aurreikuspenei dagokienez, bertsolariek «maila ona» erakutsiko dutela irizten diote.
Etzi hasiko da Erniarraitz Sariketa, eta otsailaren 14ra bitartean iraungo du. Ohiko formatuarekin jarraituko dute beste behin, eta hiru kanporaketa jokatuko dituzte tarte horretan. Finala Azpeitiko Gaztetxean izango da.
Ostiraleko saioan sei bertsolari lehiatuko dira. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango dira eskualdeko Jon Gurrutxaga azpeitiarra eta Eneritz Artetxe azkoitiarra, eta Maddi Ane Txoperena, Saioa Alkaiza, Malen Amenabar eta Unai Mendizabal.
Erniarraitz Sariketako egutegia:- Urtarrilak 24, ostirala. Lehenengo kanporaketa. 22:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean; Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Maddi Ane Txoperena (Hendaia), Saioa Alkaiza (Antsoain), Malen Amenabar (Larrabetzu), Unai Mendizabal (Zizurkil) eta Eneritz Artetxe (Azkoitia). Gai-jartzaile lanetan Gurutze Oiarzabal ariko da.
- Urtarrilak 31, ostirala. Bigarren kanporaketa. 22:00etan, Errezilgo Borondegin; Nekane Zinkunegi (Errezil), Josu Oiarzabal Xenpelar (Azpeitia), Paula Amilburu (Aramaio), Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Ugaitz Beristain (Azkoitia) eta Amaia Iturrioz (Zumarraga). Gai-jartzaile lanetan Jokin Urangak jardungo du.
- Otsailak 7, ostirala. Hirugarren kanporaketa. 22:00etan, Azkoitiko Kultur Etxean; Oier Etxeberria (Azpeitia), Iñigo Ibañez (Azpeitia), Aitor Salegi (Zestoa), Eneritz Arzallus (Errezil), Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein) eta Silvia Etxaniz (Azkoitia). Gai-jartzaile lanetan Ane Iriondo ariko da.
- Otsailak 14, ostirala. Finala. 22:00etan, Azpeitiko Gaztetxean. Azpeitiko saioko irabazlea, Errezilgo saioko irabazlea, Azkoitiko saioko irabazlea, puntuazioz lehenengoa, puntuazioz bigarrena eta puntuazioz hirugarrena. Gai-jartzaile lanetan Gurutze Oiarzabal ariko da.