Balentziaga museoa.
1.358.720 euroko aurrekontua izango du aurten Getariako Balentziaga museoak jarduerak antolatzeko; iazkoaren antzekoa. Museoak «askotariko interesak dituzten bisitariak» erakarri nahi ditu aurten, eta horregatik erakusketez gain, ekitaldi «berri eta erakargarriak» antolatuko ditu urtean zehar. Barne antolaketari dagokionez ere izango da aldaketarik Cristobal Balenciaga Museoan. Izan ere, egun zuzendari berria hautatzeko prozesuan murgilduta dago museoa, urtarrilaren 31n utziko baitu kargua Javier Gonzalez de Duranak, komisario eta kultura kudeatzaile independente gisa aritzeko.
Balentziaga museotik jakinarazi dutenez, «krisi ekonomikoaren ondorioz», museoak 2012an baino 22.330 bisita gutxiago jaso ditu 2013an. Arduradunen arabera, «joera hori bat dator Euskal Autonomia Erkidegoko eta Espainiako museo nagusietan izan den beherakadarekin»; hala ere, hainbat eratako jarduerekin bisitari kopurua igo nahi dute.
Museoak abuztuan eta ekainean jaso ditu bisita gehien: 7.403 eta 5.491, hurrenez hurren. Batik bat asteburuetan eta oporraldietan bertaratu dira bisitariak. Museoko arduradunen esanetan «Cristobal Balenciaga Fundazioaren patronatuak proposatutako ordutegi moldaketak eragina izan du horretan».
Askotariko jarduerak
Soslai anitzeko bisitariak erakartzeko hainbat jarduera jarriko ditu martxan Cristobal Balenciaga Museoak. Apirilean inauguratuko dute urteko lehen seihileko erakusketa nagusia. Madrilgo Jantzien Museoarekin duen lankidetzari esker, bi museoek euren funtsetan dituzten Balentziagaren lanak trukatuko dituzte bertan.
Otsailaren 14tik aurrera, berriz, Gueñeseko (Bizkaia) paperezko soinekoen lehiaketari buruzko atzerabegirakoa eskainiko dute Balentziaga museoaren sarreran. Eta apirilaren 11tik aurrera Errenazimendua.
Moda margolanetik moda argazkira izango da ikusgai Aldamar Jauregian; Errioxako Diseinu Goi Eskolako ikasleek eginiko proiektua.
Hezkuntzari ere garrantzia berezia eman nahi dio Balentziaga Museoak 2014an zehar. Hala, alde batetik, urteko lehen seihilekoan helduentzako ikastaroak eskainiko ditu Getariako museoak. Horrez gain, hilean behin familiei zuzendutako tailerrak ere egingo dituzte, haurrei museoko bilduma modu «jostari eta sortzailean» eskaintzeko helburuarekin. Bestetik, hitzaldiak ere eskainiko dituzte bisitariek «esperientzia osatuagoa» izan dezaten. Hala, Cristobal Balentziagaren eta Pedro Rodriguezen dizipulu den Miguel Elolak masterclass bat emango du otsailaren 24an, 25ean eta 26an; bertan, janzki bat sortzera bideratutako teknika zehatzen berri emango die parte-hartzaileei.
Horretaz gain, nazioarteko harremanak indartzea izango da aurten museoaren erronketako bat. Ildo horretatik, Zinema, Balenciagaren amets bat erakusketarekin parte hartuko du 64. Berlinalean, Berlingo nazioarteko zinema jaialdian. 2016. urteari begira, berriz, museoak Mexiko Hiriko Arte Modernoen Museoarekin elkarlanean proiektu bat abiatzeko asmoa du