Otsailaren 8 eta 9ko Libre Asteburuko ekitaldiak Azpeitian ere izango dira

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 21a

Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketen "izaera politiko eta antidemokratikoa" salatzeko otsailaren 8an eta 9an hainbat ekitaldi antolatu dituzte Gipuzkoako lau herritan; tartean, Azpeitian. Urrian hasitako bi epaiketak bukatzen ari direnean ere, aldarrikapena eta salaketa "ezinbestekoak" direla nabarmendu dute auzipetuek. Libre Asteburuaren aurkezpenean herriko tabernen auzian inputatutako Joseba Permachek esan duenez, "Euskal Herrian gertatzen ari den aldaketa eragotzi nahi du Espaniak errepresioaren bidez". Dena den, Permachen arabera "gero eta ulertezinagoak" dira horrelako epaiketak: "Euskal Herriaren aurkako erasoa dira. Euskal Herrian zabaldu den aro berria amaitzeko saioak dira". Hala ere, "blokeoa gainditzeko" aurrerapauso "esanguratsuak" izan direla azpimarratu du: EPPKren agiria eta urtarrilaren 11ko manifestazioa tarteko. "Erasoei herri gisa" erantzutera deitu dute auzipetuek. Libre Asteburuko egitaraua Libre Asteburuaren baitako ekitaldiak honakoak dira: otsailaren 8an (larunbata), Irrien Lagunak ariko dira Beasaingo kiroldegian, 17:30ean; Mikel Goñik eta bi pilotari azpeitiarrek jokatuko dute, 18:00etan, Azpeitiko Frontoi Txikian; eta, Belarminak, Desordutan, Lain eta Oskar Estangarekin kantaldia izango da, 18:00etan, Tolosako Leidorren. Otsailaren 9an (igandea) Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Jon Maia eta Aitor Sarriegirekin bertso saioa antolatu dute Bergarako pilotalekuan, 18:00etan. Eskualdeko auzipetuak Espainiako Auzitegi Nazionalean 26/11 sumarioan 36 gazte ari dira epaitzen. Urtarrilaren 17an egin zuten azken saioa, eta akusazioek hasierako jarrerari eutsi zioten; seina urteko espetxe zigor eskaera egin zuen fiskaltzak auzipetu bakoitzarentzat, tartean Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunarentzat. 35/02 sumarioan inputatuetakoetatik, berriz, hiru dira Urola Kosta eskualdekoak: Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak eta Mikel Arregi Ertxin zestoarra. 110 elkarte eta taberna ere auziperatuta daude "ETA finantzatzea" leporatuta; eskualdetik Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariko Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide