Bederatzi upategik hartuko dute parte Zarauzko Sagardo Egunean, larunbatean

Urola Kostako Hitza 2014ko urt. 21a, 13:50

Aburuza (Aduna), Aginaga (Usurbil), Iparragirre (Hernani), Izeta (Aia), Lizeaga (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Saizar (Usurbil), Satxota (Aia) eta Urdaira (Usurbil). Bederatzi sagardogile horiek ekoitzitako edaria dastatu ahalko da larunbat honetan Zarautzen. Laugarren urtez, Zurekin ostalarien elkarteak eta sagardogile elkarteak sagardotegi denboraldiarekin bat egin, eta beren aletxoa jarriko dute, Zarauzko Turismo Bulegoak eta Gesalaga enpresak lagunduta. Aurten, gainera, 2013an baino botila gehiago ekarriko dituztela ohartarazi dute Izetako Sebastian Izetak eta Urdairako Patxi Azkonogietak; izan ere, iaz «azkar» amaitu zen. Sagardo «ona» ekarriko dute horiek, upategi bakoitzak desberdina, «guztiak dastatzeko aukera egon dadin». Sagardoa laguntzeko, gainera, Gesalaga harakinak idi txuleta pintxoak eskainiko ditu. Iaz ere hartu zuen parte festan, eta «esperientzia polit» hori errepikatzeko asmoz Musika Plazan izango da aurten ere Jose Luis Gesalaga. Iaz 700 pintxo inguru banatu zituzten guztira, eta aurten ere beste hainbeste salduko dituzte:  «Txuletarik ez da faltako. Aurten ere prestatuta egongo gara». Bost euro ordainduta, bertaratzen direnek pintxo eta edalontzi bana jasoko dute, nahi adina sagardo dastatzeko. Horri beste hiru euro gehituta, beste pintxo bat eskuratu ahalko da. Horrez gain, sagardo eta txuleta nahikorik jan ez dutenek, sagardotegiko menua bazkaltzeko aukera izango dute—zenbait jatetxek afaria ere eskainiko dute— Itxas-Lur, Kirkilla, Txiki Polit, Kulixka, Salbide, Lagunak eta Egoki jatetxeetan. Bakailao tortilla, bakailao frijitua eta saiheskia ala txuleta aukeran edukiko dute horiek. 22 euro kostako da lehenbiziko menua, eta 27 euro, bigarrengoa. Maritxu Larrari omenaldia Sagardo eta idi txuleta pintxoak dastatzeaz gain, askotariko jarduerak ere egingo dituzte Musika Plazan, 12:00etatik aurrera. Besteak beste, Goizeko Ihintza taldeko txistulariek eta Motxian Bertso Eskolako kideak ariko dira kaleak girotzen. Bestalde, Maritxu Larrari omenaldia egingo diote. Urtero legez, ostalarien elkarteak hainbat eta hainbat urtez lanean jardun duten etxekoandreetako bat omenduko dute. Aurten, Alameda hoteleko etxekoandreari aitortuko diote ia 50 urteko ibilbidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide