Izaskun Azpeitia (Ane Olaizola)
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, lan hitzarmen berriaren alde ikastetxe publikoetako garraioetako eta jolastokietako begiraleak greban ari dira egunotan. Protestekin bat egin duenetako bat da Izaskun Azpeitia (Zestoa, 1968). Orain zortzi urtetik da Azkoitiko Xabier Munibe ikastetxeko garraioko eta jangelako begiralea Azkoitiko bizilaguna.
Zein da zure zeregina?
Umeak zaintzea da nire lana, minik hartu ez dezaten eta euren artean sesiorik izan ez dezaten. Autobusera igotzen laguntzen diet, eta jaitsieran ere berdin egiten dut. Ibilbide jakin bat egiten dugu egunero; goizeko 08:00etan Aittola eta Madariagara joaten gara, eta umeak jaso eta ikastolara eramaten ditugu. Ibilbidea jarraitu eta Ipintza auzora joaten gara gero, eta berdina egiten dugu haiekin ere. Txirrina jo arte haiekin egoten gara, jolasean edo berriketan. Arratsaldean, eskolak amaitutakoan, gauza bera egiten dugu.
Grebara jo duzue orain. Zer nahi duzue lortu?
Hitzarmen berria nahi dugu. Hori ez badugu lortzen, gutxienez egungoa babestea da gure helburua. Hori oso garrantzitsua da Espainiako lan erreformaren aurrean. Ordutegiak malgutzea edo soldatak igotzea da eskatzen duguna. Izan ere, 2009. urtetik ez dugu soldata igoerarik izan. Urtez urte prezioek gora egiten dute, eta diru sariak berdin edo gutxiago jasotzen badira, ez dago aurrera egiterik. Une hauetan, sindikatuak ari dira pausoak ematen, baina patronala da oztopoak jartzen ari dena.
Sindikatuek urte bat daramate hitzarmena negoziatzen. Zer irakurketa egiten duzu?
Langile naizen aldetik, informazio oso gutxi izan dut. Ez dira asko hurbildu gugana, eta lehen eskuko informazio gutxi daukat. Egunkarietan irakurritakoa dakit, egia esan. Grebarekin bat egin dut, egoera aldatzeko zerbait egin beharra dagoela uste dudalako. Bestela edozer gauza egin dezakete. Orain arte lortu dugun guztia galtzen ari garela dirudi. Gutxienez baldintza duinak edukitzea eskatzen dugu, eta gure eskubideen alde borrokatzen ez badugu, jai daukagu. Dena den, egoera luzatuko denaren beldurra ere sentitzen dut.
Lanbidea prekarioa dela salatu izan duzue behin baino gehiagotan. Zergatik?
Egunean bi ordu inguru egiten dugu lan. Soilik lan honekin ez dago aurrera egiterik, beste zerbaitekin bateratzea beharrezkoa da. Egungo soldatak ez du ematen bizitzeko. Nire kasuan, lehen jangelako begiralea nintzen ikastolan, eta aldi berean garbitzaile lanak egiten nituen hainbat lekutan. Nire lankide batek postua utzi egin zuen, eta haren lekua hartu nuen. Orduan, jangelako eta garraioko zerbitzuarekin osatzen dut lanaldia. Zerbait gehiago behar duzu osatzeko, batez ere familia bat baldin baduzu. Egia da garraioko begiraleena lanbide prekarioa dela. Askok esaten didate lanbide polita dela gurea, bizi pertsonalerako denbora asko uzten dizulako. Dena den, ikasturtea amaitzean langabezira joaten gara, eta langabezia saritik bizi behar izaten dut hurrengo ikasturtea hasi arte. Nire kasuan, jangelako zerbitzua maiatzera arte izaten dut, eta garraiokoa ekainera arte. Nik langabeziko lansaria izaten dut, baina badago jendea hori ere ez duena, gutxiengo epera iristen ez delako. Horrez gain, kontuan izan behar da ikasturte batean zerbitzua emateko adina ume kopuru ez badago, urte horretan langabezira joango zarela.
Zein dira begiraleen ezaugarriak?
Gehienak, ia guztiak, emakumeak dira. Hori ere esanguratsua da. Uste dut langileak nahikoa sakabanatuta gaudela; bakoitza toki batean dago, eta ez dugu ezagutzen elkar.
Umeak zaintzea da zuen lana. Ardura handiko lanbidea al da?
Bai, noski. Umeekin lan egiteak erantzukizun handia eskatzen du.
Dituzuen ardurak eta baldintzak konpentsatuta daudela uste al duzu?
Ez dut uste. Gure ardurak eta soldatak ez daude parekatuta. Bide horretatik ari gara presioak egiten.