Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteko Aratz Olaizola, garaikurrarekin.
Bi hilabetetan zehar, bederatzi jardunaldi lehiatu ondoren, junior mailako Gipuzkoako Pistako Sariaren garailea izan da Aratz Olaizola, Zarauztarra Txirrindularitza Kirol Elkarteko kidea. Jakinarazi dutenez, "erregulartasun handia" behar da halako txapelketa bat irabazteko. "Astea joan eta astea etorri, proba guztietan pistako tropeltxoaren muturrean ibili behar da. Oraindik eta merezimendu handiagoa du, Aratz bezala, junior mailan lehen urtekoa izanda".
Lehenbiziko hiru jardunaldiak jokatu ondoren, aurtengo sariaduna bi txirrindularien artean erabakiko zela aurreikusi zuten elkarteko kideek: Igeldoko Onditz Urruzmendi (Fullgas.org) eta Aratz Olaizolaren (Zarauztarra) artean, hain zuzen. "Bien arteko sprint dotoreak ikusi ditugu Anoetako belodromoan, markaketa estua eta lehia bizia".
Hasiera batean, Urruzmendi "oso indartsu" hasi zen, baina jardunaldiak aurrera zihoazen heinean, Olaizolak aurrera egin eta laugarren jardunalditik lehen postura gerturatzen joan zen. Azkeneko egunean, larunbatean, "indar erakustaldia" egin zuen zarauztarrak, Daniar Kanporaketa eta Scratcha irabaziaz, "garbi utziaz merezimendu osoz" irabazi duela Gipuzkoako Pista Saria.
Junior eta kadete mailan
Junior mailan, Zarauztarra taldeko Jokin Aranburu, Joseba Uzkudun eta Xuban Aizpurua ere izan dira Gipuzkoako Pista Saria lehiatzen. Aranburuk ez du jardunaldi guztietan parte hartu eta zenbait proba irabazi ondoren, seigarren amaitu du. Uzkudunek ez du kalerik egin eta "gero eta hobeto" ibili da hainbat ihesalditan parte hartuz. Aizpuruaren helburua, berriz, BTTko lasterketetarako "sasoi ona" bilatzea izan da.
Kadete mailan, bi zarauztarrek hartu dute parte: Alex Garciak eta Ander Zumetak. Bientzat izan da berria pistako modalitate hori, "gustura" ibili dira eta "esperientzia hartu" dute.
Datorren igandean, urtarrilaren 26an, Kluben Gipuzkoako Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dute Zarauztarra taldeko juniorrek. Lehenengo postuan daude horiek, eta elkartearen arabera, txapeldunak izateko "aukera argiekin". Bestalde, otsailaren 1ean eta 2an, banakako Gipuzkoako Txapelketa izango da, kadete zein junior mailan.
SAILKAPEN OROKORRA
JUNIOR
1. Aratz Olaizola (Zarauztarra) 337 puntu
2. Onditz Urruzmendi (fullgas.org) 304 puntu
3. Gorka Etxabe (Viveros San Anton) 271 puntu
6. Jokin Aranburu (Zarauztarra) 183 puntu
17. Joseba Uzkudun (Zarauztarra) 90 puntu
21. Xuban Aizpurua (Zarauztarra) 82 puntu
KADETE
1. Gorka Urkiola (Grosgreencenter.com) 355 puntu
2. Gari Lagnet (Aviron Bayonnais) 330 puntu
3. Iñigo Etxarri (Grosgreencenter.com) 320 puntu
18. Ander Zumeta (Zarauztarra) 155 puntu
21. Alex García (Zarauztarra) 146 puntu