King Konsul, Reggae abeslaria: "Jatorrizkoaren gainean norberak bere abestia jorratu du"

Aritz Mutiozabal 2014ko urtarrilaren 21a

King Konsul (Aritz Mutiozabal) Revolutionary Brothers Sound Sistemak Basque Times Riddim proiektuaren lehen emaitza eman du argitara biniloan. Zarautzen bizi den Fernando Trebiño King Konsul (Ermua, 1967) reggae abeslaria bertako kideetako bat da. Zer da aurkeztu berri duzuen Basque Times  Riddim  proiektua? Riddim-a 1950eko hamarkada bukaeran Jamaikan loratu zen estilo bat da. Musika bandak oso handiak zirenez, jaialdiak antolatzeko sound sistemaren figura agertu zen. Honek diskoak jartzen zituen, eta hainbat abeslari igotzen zen taula gainera hark jarritako musikaren gainean abestera. Formatuz murritzagoa eta merkeagoa zen. Gaur egun, mugimendu horrek indar handia hartu du Europan. Guk, Basque Times Riddim proiektuarekin, oinarri instrumental beraren gainean lau abeslariren bertsio bana jaso dugu: General Levy eta Tenor Fly ingelesenak, Parisen bizi den Marina P italiarrarena eta neurea. Kasu honetan, Hard times abestia aukeratu duzue riddim-a egiteko. Zergatik pieza hori? Abesti klasiko bat da, Pablo Gadek 1970eko hamarkadan ezagun egin zuena. Normalean halako abesti klasikoak eguneratu egin izan dira, bertsio berriak agertuz. Abesti honekin orain arte ez zen horrelakorik gertatu, eta ez genuen bertsio berririk. Hori horrela, Alemaniako Far East Band taldearen laguntzarekin, erritmo klasiko bat berreskuratu ahal izan dugu. Haiek jatorrizko abestiaren erritmo bertsuak jo dizkigute, gaur egungo ikuspegiarekin eta beste ukitu batekin. Abesti bera oinarri, baina abeslari bakoitzak bere ekarpena egin du. Hori da. Inork ez du bertsio originala abestu; aitzitik, jatorrizko  oinarri musikalaren gainean norberak bere abestia jorratu du. Bata bestearengandik ezberdina da. Bertsio propioak dira. Zure moldaketak Basque liberation izenburua darama. Euskal Herriko egungo egoera al duzu hizpide? Bai, hala da. Abesti horretan esaten dut poztu egin behar garela, baita abestu, dantzatu eta salto egin ere, gaur egun bizi dugun egoeragatik eta elkar ulertzeagatik. Euskal gizartean aukera oso ona bizi dugu geure nortasuna lantzeko, eta orain ez dugu inolako aitzakiarik aurrera egiteko. Hori guztia esaten dut, reggae filosofia pixka batekin uztartuta. Oinarrian musikal bera baduzue ere, ñabardura bereizgarriren bat izango duzue bakoitzak, ezta? Abesti guztiak Hard times piezaren erritmopean abestu ditugu, baina bakoitzak bere alorrera eraman du. Batzuek besteek baino dub ñabardura gehiago sartu dizkiogu, eta iraupena ere nahierara luzatu edo laburtu dugu. Gauza oso teknikoak dira; grabazio estudioko lanari dagozkionak, alegia. Banan-banan entzunda antzematen da ez direla guztiz berdinak, nahiz instrumentazioa bera izan. Honako disko hau proiektuaren lehen argitalpena da. Jarraipena izango duen seinale? Martxoaren hasieran bigarren biniloa kaleratuko dugu beste lau abeslariren ekarpenekin, eta apirilean, azkenik, CD bat emango dugu argitara bi aleak batuta eta hainbat abesti gehigarrirekin. Logistikagatik erabaki dugu hainbat ataletan banatzea. Gainera, lehen diskoa Errege Egunaren bezperan aurkeztu nahi genuen, lehen disko honetan parte hartu duten bi abeslari abestera etorri zirela aprobetxatzeko. Bigarren biniloa kaleratzen dugunean ere antzeko jaialdi bat egingo dugu. Azken finean, lan bakoitzari bere garrantzia emateagatik argitaratuko dugu zatika. Proiektu honekin, nolabait esateko, reggae eta hip-hop musika underground mundutik atera eta lau haizetara zabaldu nahi duzue. IndaGlory elkartea sortu dugu horretarako; Donostiako Gloria kalean dugu lokala eta estudioa, eta handik hartu dugu izena. Elkartearekin hemengo reggae eta hip-hop eszena bultzatu nahi du­gu, jende hasiberriari aukerak emanez. Era berean, kanpoko abeslariak hona ekarri nahi ditugu; egitasmo honekin urte batzuk badaramagu, eta horretan ere pauso bat gehiago eman nahi dugu. Underground gisa funtzionatzen duzunean udalekin nahiz erakundeekin kontzertuak eta jaialdiak lotzea ez da erraza izaten, batik bat fakturazio kontuengatik. Horregatik, elkarteak oztopo horiek gainditzen lagunduko digu. Jorratzen duzuen musikak zer nolako oihartzuna du Euskal Herrian? 1980ko hamarkadan izan zen reggae mugimendua Gasteiz inguruan, Potato taldearekin. Hauek Euskal Rock Erradikalaren barruan sartu zituzten, eta nahikoa lausotuta geratu zen. Gaur egun izan badira taldeak. Revolutionary Brothers-eko anaiak duela hamar urte hasi ziren, eta nik ere orain dela dozena bat urte ekin nion 12 Tribu taldean. Azken hamarkadan mugimendu honetan gabiltzanok serioxeago heldu diogu kontuari, eta Jamaikara begira jarri gara. Pixkanaka pausoak ematen joan gara eta gauzak kontsolidatzen. Ondorioz, jendeak gero eta gehiago ezagutzen gaitu. Gaur egun label bat dugu, jendeak badaki kalitatezko ekitaldiak antolatzen ditugula.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide