Batukada Feminista; txapak nola egin; bertsolaritzari buruzko gogoeta feminista; ibilgailuetako oinarrizko mekanika; eta umorea, barrea eta emozioak. Gai horiek landuko dituzte otsailetik aurrera Emakumeentzako Jabetze Eskolan. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena ikastaro horietan. Orria bete eta Parekidetasun Sailera eraman beharko da 08:00etatik 14:30era. Posta arruntez (Zigordia 33, 1. solairua) edo posta elektronikoz ere bidali daiteke (
berdintasuna@zarautz.org). Hilaren 31 baino lehen egin beharko da eskaera.
Musikara gerturatu eta ongi pasatzeaz gain, beste emakumeekin batera talde lanean jarduteko, sormena lantzeko eta autoestimua indartzeko aukera izango dute Batukada Feminista tailerrean izena ematen dutenek. Arantxa Vicedo musikari eta konposatzaileak gidatuko du ikastaroa euskaraz, Ainara Sarasketa perkusio eta bateria-jole azkoitiarrarekin batera. Bi orduko bost saio eskainiko dituzte ostegunetan, hamabost egunean behin, otsailaren 31tik apirilaren 10era. Etxezabalan izango dira eskolak, 19:00etatik 21:00etara. Hamar euro kostako da.
Bertsolaritza: begirada feminista bat tailerra bertsoaren, hitzaren eta jendaurrekotasunaren inguruan jarduteko elkargune bat izango da. Helburua bertsoaren eta bertso sistemaren inguruko gogoeta egitea da, ikuspuntu feministatik, eta beste bertsolaritza eredu bat eraikitzea. Uxue Alberdik eta Ainhoa Agirreazaldegik emango dute, euskaraz. Bost orduko hiru saio izango dira, otsailaren 1ean, 8an eta 15ean, 09:30etik 14:30era Etxezabalan. 15 euro kostako da. Aurrez, hilaren 27an ikastaroa aurkezteko solasaldia emango dute Alberdik eta Agirreazaldegik. Hori ere Etxezabalan izango da, 18:30ean.
Txapak, autoa eta barrea
Emakumearekin eta feminismoarekin lotutako zenbait gai lantzeko aukera emango du txapa tailerrak ere. «Talde jakinduria feminista sortzea» da horren helburua, partaideek hausnarketarako edukiak aukeratu eta gai berriak proposatuz. Ordu eta erdiko bi saio egingo dituzte, otsailaren 7an eta 14an, 18:00-19:00 bitartean Etxezabalan, euskaraz. 10 euro ordaindu beharko da bertan parte hartzeko.
Nork bere autoan oinarrizko mantentze lanak egiten ikasteko helburuarekin antolatu dute, berriz, Ibilgailuetako oinarrizko mekanika ikastaroa. Oteitza Lizeoko ordezkariek bideratuko dute, eta erabat praktikoa izango da. Bi ordu eta erdiko sei saio izango dira guztira, martxoaren 4tik apirilaren 8ra, Abendaño 7.an dagoen pabilioian 16:00etatik 18:30era. 15 euro kostako da matrikula.
Umore, barrea eta emozioak ikastaroan emozio biologikoen zein kulturalen inguruan hausnartuko dute, espresio ariketak eginez komunikazioa eta irribarrea naturalki sor daitezen. Saio didaktikoak eskainiko ditu Virginia Imazek, gaztelaniaz. Hiru saio izango dira, bakoitza lau orduakoa. Martxoaren 30ean eta apirilaren 6an zein 13an egingo dituzte, kiroldegian, 09:30-13:30 bitartean. 15 euroko kostua izango du.
Interesa dutenek
www.berdintasunazarautz.blogspot.com.es webgunea bisita dezakete ikastaroen inguruko informazio zabalagoa eskuratzeko.