Azken Portu Goiko etxeak (Zarauzko Udala)
Zarauzko Azken Portu Goiaren eta AP-8 autobidearen artean zarata murrizteko panelak jartzeko prozesua abiatu dute Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ostiral goizean egin zuten bi erakundeetako ordezkariek lehenbiziko bilera, prozesuaren nondik norakoak finkatzeko. Hain zuzen, bileraren ostean auzoan izan ziren udaleko zein aldundiko ordezkariak, egoera bertatik bertara ezagutzeko
Azken Portu Goiko auzotarrak urte askotan kexatu izan dira autobideak inguru horretan eragiten duen soinu kutsaduraz, eta askotan eskatu dute ibilgailuek sortzen duten zarataz babesteko auzoa. Horri erantzun nahi die orain bi erakundeak lantzen ari diren prozesuak eta, besteak beste, behar gehien duen eremua eta beste hainbat kontu tekniko zehaztuko dituzte.
Askotariko ibilgailuek eragiten duten zarata murrizteko panelak autobidearen inguruan jarriko dituztenez, Bidegik ordainduko du. Elkarte publikoak 2014ko aurrekontuetan Zarauzko zonalde horretan panelak jartzeko 300.000 euroko inbertsioa aurreikusi du lehen fasean, eta proiektuak aurrera egin ahala aztertuko du beharrak asebete ote diren. Proiektuak aurrera egiten duen heinean auzoko herritarrekin bilerak egingo dituzte, lanaren garapena azaltzeko.
Auzotarren eskaera
Udalarentzat argi geratu zen iaz zarata leuntzeko panel horien beharra, 2013ko aurrekontuen harira martxan jarritako parte hartze prozesuan. Azken Portu Goiko bizilagunekin egindako bileran jasotako eskari nagusietakoa izan zen, hain zuzen, zarata murrizteko panelak jartzea. Ildo horretatik, Zarautz Ehuntzen udal planeko 27. puntuan jaso du Zarauzko Udal Gobernuak kutsadura akustikoari lotutako eremuak identifikatu eta aurre egiteko duen asmoa. Hori dela eta, «pozik» agertu da udala aldundiak proiektuaren aurrean izan duen jarrerarekin.
Bestalde, udaleko arduradunek gogoratu dute laster jarriko dela martxan 2014ko aurrekontuen inguruko parte hartze prozesua Zarautzen. Herritar guztiek auzoz auzo euren proposamenak egiteko aukera izango dute antolatuko dituzten bileretan.