irutxulo.hitza.eus
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eman zion domina Daniel Zulaikari. Irutxuloko Hitza.
Daniel Zulaika zarauztarrak jaso du Donostiako Hiritar Merezimenduaren Dominetako bat. Zulaika Euskal Autonomia Erkidegoko Hiesaren Prebentzio eta Kontrolerako Planaren koordinatzailea da, eta gaitz horren kontra egindako lana aitortu zioten atzoko ekitaldian. Horrek hiesaren kontrako borrokan bildutako oroitzapenak eta sentimenduak izan zituen gogoan garaikurra jasotzekoan. “Nire omenaldietako bat mutil eta neska horientzat da, esperientzia berriak probatu nahi zituzten horientzat. Ez zekitena zen leku eta une desegokian zirela”, esan zuen. Hiesa pairatu zuten pertsona horien familiak ere izan zituen presente, “istorio honetako heroiak izan zirelako”, eta gizarteari ere eskerrak eman zizkion. “Domina honen zati txiki bat besterik ez da nirea”, erantsi zuen.
Zulaikaz gain, Erroak Sartu gizarte zerbitzuen elkartea; Angel Garcia Ronda Gipuzkoako Ateneoko presidente, idazle eta ekonomialaria eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa ere saritu zituzten San Sebastian Egunaren bezperako ekitaldian.
Hiritar Merezimenduaren Dominak, Juan Karlos Izagirre alkatearekin. Donostiako Udala.