Ehunka lagunek hartu du parte TS Fundicionesekoen manifestazioan

Nerea Uranga 2014ko urtarrilaren 18a

Gaur (larunbata, urtarrilak 18) TS Fundicioneseko langileek deitutako manifestazioa izan da Zestoan. Ehunka lagunek egin dute bat TSko beharginen deialdiarekin eta hauek gustura azaldu dira, hala esan du Asier Lizaso langileen batzordekoak: "Harro gaude hemen bildu den jendearekin eta esan jende hau dena gugatik egiten ari dena oso polita dela". Atxikimendua eman dieten udalei (Zestoa, Zumaia, Mutriku, Zarautz eta Oriokoari) eta eskualdeko eragileei ere esker ona azaldu diete. TSko beharginak borrokan helburu jakin batzuekin ari direla azaldu dute mobilizazioaren bukaeran, "kaleratzerik ez izatea eta lanpostu duinaren alde". Baina, zuzendaritzak eurei biolentzia erabiltzea leporatu izana kritikatu egin dute langileen ordezkari sindikalek: "Guk ez dugu biolentziarik erabili eta erabiltzeko gogorik ere ez daukagu". Negoziatzeko prest daudela berretsi du Lizasok, "baina, puntuz puntu eta gezurrik gabe". TSko langileen egoera "oso larria" dela gaineratu dute langileen batzordekoek, "lau hilabeteko soldatak kobratu gabe daude, eta langile batzuek dagoeneko langabezia xahututa daukate".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide