Jai giroan ospatu dute San Anton Eguna Getarian

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 17a

Aurkeztu berri dute aurtengo txakolin berria, San Anton Eguna aitzaki hartuta. Festarako 29 upategitako 2.000 botila inguru eraman dituzte Getariara, herritar zein bisitarien gozagarri. Laguntzeko, 9.Pintxo Lehiaketara aurkeztutako mokadutxoak eskaini dituzte. Giroa, Arralde, Mahasti eta Taxko tabernak aurkeztu dira lehiaketa horretara. Bigarrengoa izan da txapelduna eta Giroako pintxoa izan da epaimahaiaren ustez originalena. Sariak banatu ostean Ruth Mozok, Getariako Txakolina jatorri izendapeneko idazkariak hartu du hitza. Aurtengo negua "euritsua eta hotza" izan dela gogoratu du baina uzta biltzerakoan "giro beroa" egin duela, eta horrek aurtengo txakolina gradu altuagokoa izatea ekarri duela. Ekoizpena murritzagoa izan den arren, “betiko ezaugarridun” txakolina izan da emaitza Mozoren esanetan. Jose Inazio Manterola Getariako Txakolina jatorri izendapeneko lehendakaria arduratu da aurtengo Mahasti Jaunari, Amets Arzallusi oroigarria emateaz. Bueltan, Bertsolazale Elkartearen izenean Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok Manterolari oroigarria eman diote,  bertsolari txapelketako babesle izateagatik eskerrak emate aldera. Ondoren, bertsolariek, upategietako arduradunek eta hainbat erakundetako ordezkariek topa egin dute 2013ko uzta berriarekin sortutako txakolinarekin. Besteak beste, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen ekonomikorako sailburua; Bittor Oroz Nekazaritzako eta Landa Garapeneko sailburuordea; Peli Manterola Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, Landa garapeneko diputatu Jon Peli Uriguen eta Nika Lertxundi Getariako alkatea igo dira oholtzara topa egiteko. Ekitaldiari amaiera emateko, Gure Txeruko dantzariek txakolin dantza eskaini dute, Getariako Abesbatzak kantatuta.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide