Enpresen lehiakortasuna hobetzeko programak abiatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 17a

Krisi ekonomikoak zaildu egin du enpresa askoren jarduna eta egoera horri irtenbidea emateko Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat baliabide jarri ditu eskualdeko enpresarien eskura; horien berri emateko urtarrilaren 24rako jardunaldia antolatu dute enpresa txiki eta ertainei zuzendua. Bertan, 2014an zehar euren lehiakortasuna sustatzeko eskura izango dituzten laguntzen berri emango dute. Enpresa txiki eta ertainei zuzendutako 2014ko diru-laguntza programen gida aurkeztuko dute, diru-laguntza programetan proiektuak aurkezteko jarraitu beharreko urratsak zehaztuko dituzte eta lehiakortasuna hobetzeko Udal Elkartearen 2014ko prestakuntza programen aurkezpena egingo dute. Jardunaldia hilaren 24an 12:00etatik 14:00etara izango da udal elkarteak Zarauzko Abendaño Industriagunean duen egoitzan. Enpresari bultzada emateko programa Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko enpresak eta negozioak lehiakorragoak izan daitezen enpresen barne egitasmo berriei bultzada emateko egitasmoa jarri du martxan. Bertan parte hartzen duten enpresek 45 orduko prestakuntza teorikoa jasoko dute, 6 orduz tutoretza saioak izango dituzte kanpo oholkulari batekin eta 20 orduko oholkularitza jasoko dute. Edozein sektore eta tamainatako enpresei dago zuzendua ekimena eta ez da beharrezkoa proiektua abiatua izatea, programaren bidez proiektua sortu eta garatzeko laguntza emango baitute. Hurrengo proiektuak lagunduko dituzte: lankidetza proiektuak, produktu eta zerbitzuen diseinua, produktu eta zerbitzu berrien bideragarritasun plana, produkzio sistemaren hobekuntza, negozio aukera berrien bilaketa, lehiakideen proiekzioa, deseberdintzeko estrategiaren garapena eta bezeroei gerturatzeko estretegiaren garapena. Urola Kostako Udal Elkartetik jakinarazi dute partaide kopurua mugatua izango dela eta hautaketa prozesua egingo dutela. Programan parte hartu nahi dutenek, urtarrilaren 28a baino lehen aurkeztu behar dute eskaera. Enpresa arduradunek ekimenaren inguruko informazio gehiago jaso dezakete 943-890808 telefono zenbakira hots eginda edo enpresa@urolakosta.org helbidera idatzita. Konpetentzietan oinarritutako Kudeaketa programa Urola Kostako Udal Elkarteak Konpetentzietan oinarritutako Kudeaketa Programa jarri du martxan eskualdeko enpresetan langileen garapena kultura eraikitzailearen bidetik lantzeko eta giza baliabideak konpetentzietan oinarritutako sistema baten bidez kudeatzeko. Gaian adituak diren aholkulariek giza baliabideak modu eraginkorrean kudeatzeko bidea erakutsiko diete enpresei, "gaitasun eta ezagupenak sustatuz emaitzak hobetu baitaitezke" azaldu dute. Gainera, pertsona eta lanpostua hobeto doitu eta prestakuntza plan eragikorrak diseinatzen ikasiko dute parte-hartzaileek. Programan parte hartzen duten enpresek 10 langile baino gehiago izan behar dute. Programan parte hartu nahi dutenek ekimenaren inguruko informazio gehiago jaso dezakete 943-890808 telefono zenbakira hots eginda edo enpresa@urolakosta.org helbidera idatzita.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide