Azpeitian dena prest da sansebastianetarako

Olatz Prat 2014ko urtarrilaren 17a

Bi egun besterik ez dira falta San Sebastian bezperarako. Entseatu beharrekoak entseatuta, megafonia eta itxiturak ipinita eta zezenarentzako sokak eta lepokoak puntuan jarrita, galtza-barrenen bati azken puntadak ematea geratuko da herriko zaindariaren jaiak ospatzeko. Aterkiak ere eskura beharko direla dirudi, zoritxarrez. Euriak euri, eta iazko erauntsia gogoan, igande gauez 26 talde eta 1.300 danbor-jotzaile kalera aterako dira atabalak astindu eta San Sebastian jaiei ohiko soinua ematera. 55. danborrada izango da aurtengoa. Gauerdian, beti bezala, Plaza Nagusian elkartuko dira talde guztiak udaletxeko balkoian bandera igotzeko eta 24 orduko jaiari hasiera emateko. Hurrengo egunean kalejira egingo dute Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek eta, ondoren, 12:30ean, haurrak izango dira kalea soinuz beteko dutenak; 11 taldetan banatuko dira 600 haur inguru. Atzetik izango dute Oihane eta Naiara Larrañagak diseinatutako karroza, Imanol Eliasen omenez egindakoa. Artzai-inudeek ere parte hartuko dute desfilean, urtero bezala. Gauean, bandera jaistearekin, datorren urtera arte isilduko dira berriz danborrak. Sokamuturrean, aldaketak Sokamuturra izango da festa hauetako beste protagonista nagusia. Udalak eta Zezen Beltz elkarteak bi egunetarako egitaraua prestatu dute, herriko zezenzaleen atseginerako. Hala, San Sebastian bezperan, igandean, sokako zezen txikia izango da Erdi Kaletik plazara, eta zezen txiki eta poniak izango dira, ondoren, plazan. Helduentzako sokamuturraren txanda izango da arratsaldean. 16:30ean aterako da zezena, ohi bezala, Erdi Kale barrenetik. Baina, oraingoan, zezena Plaza Nagusian lotu beharrean, Goiko Kalearen amaieran (Gipuzkoano) lotuko dute; izan ere, gaueko danborradarako tresneria prestatzen ariko dira plazan udal langileak eta ETBkoak. 18:15ak aldera ere, Artzubitik zezena eramatean, leku berean lotuko dute berriz (Gipuzkoanon), eta ez plazan. Gainera, 19:00ak aldera amaituko da igandeko sokamuturra, gaueko danborradarako dena prest izateko astia eman dezan. San Sebastian egunez, astelehenean, eguerdian eta arratsaldean izango da sokamuturra, kasu horietan ohiko ordutegian: eguerdian ordu erdiz Plaza Nagusian eta arratsaldez 16:30etik 20:00etara kaleetan zehar. Gauerdiko testua Azken urteotan egin bezala, aurten ere 19ko gauerdia baino minutu batzuk lehenago testu bat irakurriko dute. Bertan jasotzen denez, «herriko elkarbizitza indartzeko aurrerapauso bat» izan nahi luke adierazpenak. Biolentzia ezberdinek eragindako biktima guztien aitortza jasotzen du, eta honakoa gaineratzen du: «Azpeitia asko sufritu duen herria da. Horregatik, gure elkartasun zintzoena helarazi nahi diegu urte luzeotan sufritu duten eta sufritzen ari diren herritar eta familia guztiei». Bereziki gogoan hartzen ditu «azken urteotan hildako azpeitiarrak», eta guztiei haien senideak «babestea» dagokiela dio. «Giza eskubide guztien urraketak» salatzeaz gain, presoen eta haien eskubideak dakartza gogora adierazpenak eta «kezka handia» agertzen du kartzeleratua izateko arriskuz epaitzen ari diren Olatz Izagirre azpeitiarraren kasuaren aurrean. Azpeitian «itxaropena eta ilusioa» berreskuratzeko, «denok hartu behar dugu konpromisoa gure herrian elkarbizitza eta adiskidetzea nagusitzeko», dio testuak; «herritarroi eskatzen dizuegu ezinikusiak alde batera uzteko. Azpeitiak eta Euskal Herriak merezi duelako. Plaza honek merezi duelako», esanez amaituko da . Hilaren hasierako Udalbatzan Bilduk proposatutakoa da irakurriko den testua. Orduan, danborradako zuzendarien bilerara eramatea adostu zen, haiek erabaki zezaten testu hori irakurri, beste bat proposatu edo testurik ez irakurtzea. Joan den astearteko entsegu ostean egindako bileran testua irakurtzearen aldeko 15 boto jaso ziren, eta hiruk ezezkoa eman zioten. Zuriz bozkatu zuten zuzendariak ere egon ziren, baita bozketan parte hartu ez zutenak ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide