Gure Zozketa egitasmoa aurkeztu zuten atzo Kilometroak 2014
Erria Txikota! jaiaren barruan Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizar eta lehendakari Gemma Etxabek, jaiko koordinatzaile Joseba Orellak eta Eñaut Telleriak eta Kilometroak Kultur Elkarteko ordezkari Arantza Manterolak. «Egitasmo berria izango da, lehen aldiz abiatuko dugu aurtengo Kilometroetan». Hala, irabazleak 60.000 euro eskuratuko ditu.
Herritarren ekarpen ekonomikoaren bitartez «ikastolen proiektuarentzat sostengu ekonomiko sendoa» lortu nahi dute antolatzaileek. Horretarako, 2014ko 100.000 poltsiko egutegi aterako dituzte, eta herritarrek horietako bakoitza 5 euroren truke eskuratzeko aukera izango dute. «Laguntza eskaintzen duten guztien artean 60.000 euroko sari bakarra zozkatuko da». Gainera, zenbaki sarituaren saltzaileak 600 euroko saria ere jasoko du. Zozketa urriaren 7an egingo dute, Kilometroak jaiaren biharamunean.
Gure Zozketa egitasmoaren poltsiko egutegiak salgai izango dira gaurtik aurrera Gipuzkoako Sendagileen Elkarteko farmazietan, Gipuzkoako ikastola guztietan, Gipuzkoako hainbat saltokitan eta txotx denboraldian zehar sagardotegien inguruetan. Horretaz gain, laster txartelak sarean erosteko aukera ere ahalbidetuko dute antolatzaileek.
«Finantzaketa iturri berria»
Gure Zozketa egitasmoak Kilometroen bitartez ikastolentzat «zutabe ekonomimo sendoa» bihurtu nahi du. Horrela, lehen aldiz abiatuko duten proiektuak «hurrengo urteetan ere jarraipena izatea» nahi dute Kilometroak Kultur Elkarteko arduradunek. «Etorkizunari begira gizartean indartsu errotu eta hurrengo aldietan ere martxan jarri beharko litzatekeen ekimen interesgarria dela uste dugu», azaldu zuen atzo Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak prentsa agerraldian.
Orioko Herri Ikastolako lehendakari Gemma Etxabek azaldu zuenez, «Kilometroak jaiaren inguruan egindako hausnarketa sakon baten ondorioa» da egitasmo berria. Izan ere, kontuan izan behar da oraindik Kilometroak jaia «ezinbestekoa» dutela ikastolek sostegun ekonomioa lortzeko. Hala ere, ez dute «kontsumoan oinarritzen den» egitasmo gisara ulertzerik nahi. Gure Zozketa «finantzaketa iturri berria» izango da ikastolentzat. «Ikastolek jaio zirenetik bere izan dituzten elkartasun eta solidaritate balioak ditu ardatz zozketak», esan dute.
Egitasmoari buruzko informazioa eskuragarri izango dute herritarrek
www.kilometroak.net webgunean,
Gure Zozketa atalean.