2010eko urriaren 7an aurkitu zuten haurraren gorpua, Zarauzko moila ondoan. Amaia Ventas
«Akusatuak ahalmenak kaltetuta zituen, baina ez deuseztatuta». Hori deklaratu zuten atzo 2010eko urriaren 7an Zarautzen itota agertu zen haurraren kasua aztertu duten auzitegi medikuek. Horiek 2012ko uztailean egin zizkioten lehenbiziko mediku azterketak auzipetuari, biktimaren aitari, eskizofrenia paranoidea zuela jakin zutenean. Gaitzak «garapen irregularra» izan duela ondorioztatu zuten medikuek, eta hori alkohola eta estupefazienteen «gehiegizko kontsumoaren» ondorioz gertatu dela.
Hala ere, auzitegi medikuek argi esan dute: «Ezbeharra jazo zen gauean gizonezkoak ez zuen pasarte eskizofrenikorik izan. Halakorik izan balu, larrialdietan artatuko zuketen gizonezkoa unean bertan». Ez zen hala gertatu. Aitzitik, poliziaren aurreran «itxurak egin eta gezurra esateko gai» izan zela deklaratu zuten medikuek.
«Ezinezkoa»
Hilotza aztertu zuten auzitegi medikuek ere hartu zuten hitza epaiketako bosgarren saio horretan, Gipuzkoako Auzitegi Nagusian. Haien arabera, umea beste pertsona baten ekintzak eraginda ito zen. Hain zuzen, hemezortzi hilabeteko haurra Montetxiotik «bere kabuz eta ilunpetan» jaitsi izana «ezinezkoa» dela aitortu zuten, itsas pasealekurako bidea «oztopoz eta zailtasunez» josita baitago. «Heldu batentzat bide hori egitea zaila da; haur batentzat, berriz, ezinezkoa». Adin horretako haurrak «ongi» ibiltzen badira ere, «oztopo txikienaren aurrean erori eta eskuak lurrean jarri» ohi dituztela esan zuten. Zentzu horretan gorpuak ez zuela lesiorik gaineratu zuten, eta bere galtzek eta galtzerdiek—zapatarik gabe aurkitu zuten haurraren hilotza— ez zutela «orban garrantzitsurik».
Auzipetuak hasierako bertsioa aldatu —berak eta alabak gaua Montetxioko etxolan pasatu zutela esan zuen hasieran—, eta heriotza gertatu zen gauean biek malekoian egin zutela lo esan zuen astearteko saioan. Eta esnatzerakoan alaba falta zuela ohartu zela gerora. Bigarren bertsio hori ere «nekez sinestekoa» da auzitegi medikuen ustez, haurrek beldurra ematen dieten egoera oro «saihesten» dutelako. Zentzu horretan, haurra «bere kabuz» itsasora sartu izana baztertu dute.
Epaiketak asteartean jarraituko du, eta epaia ere datorren astean bertan jakinaraziko dutela aurreikusi dute. Herri epaimahai batek emango du erabakia. Herri akusazioak–Clara Campoamor elkartea— eta Gipuzkoako Fiskaltzak 23 urte eta erdiko kartzela eskatu dute 44 urteko gizonezkoarentzat. Hilketaz gain, haren bikotekide ohiari heriotz mehatxuak egiteagatik dago auzipetuta. Defentsako abokatuak eskizofrenia paranoidea duela argudiatuta, absoluzioa eskatu du akusatuarentzat.