Azpeitiko Udalak 2014rako aurrekontu gabe segitzen duela salatu du EAJk

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 16a

Azpeitiko Udal Gobernuak aurtengo udal aurrekontu proposamenik ez duela aurkeztu salatu du  Aitor Gorrotxategi Azpeitiko EAJren udal talde buruak. "San Sebastian bezperetara iritsi gara eta alkateak oraindik ez du aurkeztu udal aurrekontuen proposamena; gero, eztabaidatu eta bozka dezagun. Aurrekontua udalaren kudeaketarako lehentasunak zehaztuko dituen dokumentu garrantzitsuena da".  Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko aurrekontu-proiektuak onartuta dituztela gogora ekarri du Gorrotxategik, "Azpeitian, ordea, oraindik ez da abian jarri eta alkateak bere isiltasunarekin erantzuten du".  Udalak oraindik aurrekonturik ez izatea EAJren ustez, "Bilduren eskuetan dagoen gobernu taldearen gelditasun eta kudeaketa falta garbiaren erakusle da". EAJren udal taldearen bozeramailearen arabera, oraindik Azpeitiko Udal Gobernuak aurtengorako dituen asmo zehatzen berririk ez dute oposiziokoek: "Asmo zehatzen berririk ez dugu, ez noiz aurkeztuko dituzten zifrak eta ezta lehentasunak zeintzuk izan daitezkeen ere". Hainbat proiekturen gaineko "azalpen orokor batzuk" bakarrik dituztela esan dute: "Azoka plaza eta Enparantza Nagusiaren eraberritzeaz, Milagrosa ikastetxeko hezkuntza jarduera Betharrametara eramateaz, Urrestillako bidegorri batez, igerilekua handitzeko proiektu hipotetiko batez…". Egitasmo hoien gaineko plan ekonomiko finantzariorik edota egutegirik ez dutela kritikatu dute jeltzaleen udal ordezkariek. EAJren udal taldekoen ustez, alkateari eta Udal Gobernu taldeari dagokio ekimenak eta lehentasunak aurkeztea, "horretarako baitute gobernatzeko ardura". Baina, hori egin beharrean, "ekimenak besteek aurkeztu ditzatela besterik ez dute eskatzen". Aurrekontuak "behar den garaian" aurkeztea eta "behar den moduan" onartzea garrantzitsua dela uste dute EAJkoek: "Batik bat gaur egun, krisia modu latzean erasotzen ari baita Azpeitiko produkzio-sarean. Denok dakigu, epeek nolako garrantzia duten udal kudeaketan. Zenbat eta lehenago onartu kontuak, orduan eta azkarrago ateratzen dira proiektuak, enpresek euren eskaintzak eginez eta lan karga lortuz; une hauetan ezinbesteko zaiena". EAJk akordioaren eta adostasunaren bidea lantzeko borondatea duela azaldu du, "onarpen instituzionalik handiena lortuko duen aurrekontua izateko". Adostasunerako prest daude, baina "negoziazioaren eta gardentasunaren bidetik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide