Gaur eguerdian Zestoako Plazan agerraldia egin dute TS Fundicioneseko langileek, beste behin ere euren etorkizun ziurgabea eta enpresa arduradunen kudeaketa salatzeko. Bide batez, larunbat honetan, hilak 18, eguerdiko 12:00etan Zestoako plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deialdi zabala egin dute.
TS Fundiciones hartzekodunen konkurtsoan dago eta hilabete gutxitan argituko da enpresak zabalik jarraituko duen ala itxi egingo den. Langileek adierazi dutenez, zuzendaritzaren ustez enpresa zabalik mantentzea ekarriko lukeen proposamena egin diete, 50 langile kaleratzea, beste 48ri urtebeteko etena ematea eta 40 langilerekin lanean jarraitzea aurreikusten duena. "Baina lanean nola? Inongo eskubiderik gabe, soldata jaitsita, lanik gabe eta 100 ordu gehiago lana eginez, oporraldiak lan kargarik ez dagoen hilabeteetan hartzeko derrigortasunez—diote beharginek—, beldurtzekoa da oraingo honetan enpresak lortu nahi duena".
Hiru hilabetean soldatarik ez dutela jaso salatu dute, "gu eta gure familiak suntsipen ekonomikora eramanaz"; aurreko LETarekin euretako askok langabeziko dirusaria agortu zutela gaineratu dute.
2013ko urtarrilan sinatu zuten akordioaren arabera, enpresak ez zuen inor kaleratuko hurrengo bi urtetan; orain "TSko zuzendaritza aspaldiko bere nahiak asetzeko planarekin" jarraitzeko asmoa duela adierazi dute. "Ez dugu onartzen eta ez dugu onartuko gu enpresaren etorkizunaren erruduntzat hartzea", gaineratu dute.
Eusko Jaurlaritzari, bestalde, zera eskatu diote: "industria plan ezaren aurrean eta gertatzen ari den industria suntsiketa ikusirik, bitartekoak jar ditzala eta euren azpijokoak libreki eta lasai egiten ari diren enpresarien aurrean neurriak har ditzala".
Larunbateko manifestaziorako atxikimendu ugari jaso dituzte, besteak beste, Zumaiako, Zestoako, Zarauzko eta Orioko Udalena, Zestoako eta Mutrikuko Sorturena, Zestoako EAJrena, ELA, LAB eta bi sindikatuetako Urola Kostako delegatuena, Zumaiako eta Mutrikuko Ernai, Zumaiako eta Zarauzko Gazte Asanblada, Orioko Gaztetxea, Orioko Zaharren Egoitza, Orioko futbol taldearena eta Arkupe elkartearena.
[yframe url='http://www.youtube.com/watch?v=21fnGNeReOw&feature=youtu.be']