«Musika mundua oso lehiakorra da baina gozatu egiten dut nik»

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 16a

Txikitatik du Ainhoa Garaiar Urdangarinek (Zarautz, 1996) biolinaganako grina. Sei urterekin hasi zen hura jotzen, eta ordutik ibilbide luzea egin du. Donostiako Kontserbatorioan ikasten du, eta hainbat orkestratako musikaria da. Aurten amaituko ditu musika ikasketak eta etorkizunean zein bideri heldu erabaki beharko du: musika ikasten eta biolina jotzen jarraitu, ala unibertsitateko zientzia alorreko ikasketak egin . Noiz hasi zinen biolina jotzen? Bost urte nituela, Laura Bilbao irakaslea Salbatore Mitxelena ikastolan musika eskolak ematen hasi zitzaigun. Nire gurasoekin hitz egin zuen, eta Donostian biolina ikasten has nintekeela gomendatu. Sei urte nituela, astean behin joaten nintzen biolina eta musika ikastera Donostiara, eta Laura Bilbaoren musika lengoaia eskolak jasotzen nituen bitartean. Tarteka Josu Txapartegi Txapas irakaslearekin pianoa ere jotzen nuen haren eskoletan. Handik hiru urtera Donostiako Kontserbatorioan eman nuen izena, eta bigarren mailan hasi nintzen. Biolina jotzeaz gain, ikasgai teorikoak ere jorratzen ditugu: harmonia, analisia, historia... Baita pianoko eskolak jaso ere. Maila eta izen handiko irakasleak izan ditut, Catalin Bucataru, Pedro Rodriguez eta Pedro Gandia Musikeneko irakasleak, esaterako. Aurten bederatzigarren urtea dut kontserbatorio horretan, azkenenagoa. Hainbat orkestratan ere hartu duzu parte, ezta? Bai. EIO Euskal Ikasleen Orkestrara aurkeztu naiz hiru urtetan, eta beti jardun dut haiekin biran. Lehenbiziko urtean Zaragozara joan ginen kontzertua ematera, eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen ere eskaini genituen emanaldiak. Bigarren urtean Kolonbiara bidaiatu nuen orkestra horrekin, Bogotara, eta hamaika egun egin genituen bertan. Oso gustura jardun genuen. Esperientzia polita izan zen eta guztiz aberasgarria. Urte horretan Bilbon, Donostian eta Gasteizen ere eskaini genituen kontzertuak. 2013an, berriz ere Zaragozara itzuli ginen, eta bertako auditorium-ean jo genuen, baita Iruñean, Irunen, Bilbon eta Gasteizen ere. Euskal Gazte Orkestrako partaidea ere bazara. EGO Euskal Gazte Orkestrara iaz aurkeztu nintzen. Hori aurrekoa baino maila bat altuagoko orkestra da. EIOn urtero egin behar izaten dira probak; EGOn, berriz, behin hartzen bazaituzte tokia gorde egiten dizute, maila ematen duzula erakusten duzun heinean. Udan, uztailean hamar egunez-edo Eibarren egon ginen bilduta entseatzen, eta bira egin genuen. EAEko hiru hiriburuetan eman genituen kontzertuak. Abenduan ere Eibarren egon gara bilduta entseatzen, eta Eguberrietako emanaldiak eskaini ditugu urte hasieran. Eta ez da hor amaitzen zure ibilbidea orkestretan, ezta? Horrez gain, beste zenbait orkestrekin ere jo izan dut. Esaterako, Donostian EBO European Basque Orchestra sortu dute eta bi aldiz jo dut haiekin: Zarautzen pasa den abuztuan, Luis Fracaren omenez, eta Donostian beste behin, abenduan, hiri hori erre zela 200 urte bete zirela gogoratzeko ekitaldien barruan. Irunetik ere deitu zidaten, Taupadak orkestrarekin jotzeko. Boliviatik etorritako San Ignacio de Moxos orkestrako musikariekin jotzeko aukera izan nuen orduan. Ikastaro bereziak ere egin ohi dira. Haietan parte hartzen al duzu zuk? Iazko abuztuan Gasteizen izan naiz ikastaro bat egiten, eta aurrez ere egin ditut batzuk Donostiako Kontserbatorioan. Horien artean, Alexander teknikaren inguruko bat. Biolina jotzerakoan zein jarrera hartu landu genuen bertan. Izan ere, norberaren jarrera zaintzea beharrezkoa da musika tresna jotzerakoan minik ez sentitzeko edo sorbalda ez kaltetzeko. Jarrera naturala izan behar duzu, eta biolina gorputzera moldatu behar da. Bestalde, Donostiako Kontserbatorioko orkestrako kontzertinoa naiz, biolinen taldeko lehen figura, gidaria, alegia. Kontserbatorioko azken urtea duzu aurten. Zertan ari zara orain? Orain maila profesionaleko musika ikasketetako amaierako azterketa prestatzen ari naiz. Gradu profesional baten mailako titulua da hori. Hori Batxilergoko ikasketekin partekatzen dut. Batxiler zientifikoa egiten ari naiz, eleanitza. Nola moldatzen zara hori guztia egiteko? Gogorra da baina gustura egiten dut. Denborak ematen didan heinean, dibertitu eta ikastea tokatzen zait. Selektibitateko azterketarako zein biolineko goi mailako gradua egin ahal izateko probak  prestatzeko. Eta behin bi probak eginda, erabakitzea egokituko zaizu. Bai, aukeratu egin beharko dut zer egin etorkizunera begira: musikarekin jarraitu, ala unibertsitatean hasi. Lehen argi neukan Medikuntza ikasi nahi nuela, baina gero baztertu egin nuen ideia hori. Karreraren bat aukeratzekotan, zientziarekin lotutako zerbait egingo nuke, Matematika edo Ingeniaritzaren bat. Hala ere, biolina ikasten jarraitzeak asko erakartzen nau; asko gustatzen zait. Egia esan, ez dakit zer egin. Azken finean, ez dute zerikusirik batak bestearekin, eta biak egitea ezinezkoa da. Musika karrera bat da, eta besteak bezainbeste ordu eskatzen ditu. Hori da nire 2014rako helburua: aukeratu eta egin behar dudana ahalik eta ondoen egitea. Eta, nola aukeratu? Batak zein besteak, bakoitzak ditu alde onak eta txarrak. Musika mundua oso lehiakorra da. Zaila da mundu horretan leku bat egitea. Erabakitzen dudana erabakitzen dudala ere, musikarekin eta biolinarekin gozatzen jarraituko dut etorkizunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide