1.358.720 euroko aurrekontua izango du aurten Getariako Balentziaga museoak jarduerak antolatzeko, iazkoaren antzekoa. Museoak askotariko interesak dituzten bisitariak erakarri nahi ditu aurten, eta horregatik erakusketez gain, ekitaldi "berri eta erakargarriak" antolatuko ditu urtean zehar. Apirilean inauguratuko dute urteko lehen sehileko erakusketa nagusia. Madrilgo Jantzien Museoarekin duen lankidetzari esker, bi museoek euren funtsetan dituzten Balenciagaren lanak trukatuko dituzte bertan. Madrilgo museoko kontserbatzaile Lorena Delgado eta Getariako museoko kontserbazio arduradun Igor Uria izango dira erakuste horretako komisarioak.
Otsailaren 14tik aurrera, berriz, Gueñeseko (Bizkaia) paperezko soinekoen lehiaketari buruzko atzerabegirakoa eskainiko da Balentziaga museoaren sarreran. "Paperezko moda" erakusketan lehiaketako pieza nabarmenenak erakutsiko dituzte, besteak beste, Alberto Sinpatron, Ion Fiz eta Javier Barroeta sortzaileen lanak. Halaber, apirilaren 11tik aurrera
Errenazimendua. Moda margolanetik moda argazkira izango da ikusgai Aldamar Jauregian, ESDIR Errioxako Diseinu Goi Eskolako ikasleek eginiko proiektua. Bisitariak Berpizkunde garaiko erretratu ezagunetan oinarritutako argazkiak ikusi ahalko ditu; zentroko ikasleek eginiko janzkiak daramatzaten aktoreak eta modeloak ageri dira bertan.
Hezkuntzarekin lotura
Urteko lehen seihilekoan helduentzako ikastaroak eskainiko ditu Getariako museoak. Horrez gain, hilean behin familiei zuzendutako tailerrak ere izango dira, sei eta hamabi urte bitarteko haurrei museoko bilduma modu "ludiko eta sortzailean" eskaintzeko helburuarekin.
Era berean, hitzaldiak ere izango dira bisitariek "esperientzia osatuagoa" izan dezaten. Hala, Cristobal Balenciagaren eta Pedro Rodriguezen dizipulu den Miguel Elolak
masterclass-a emango du otsailaren 24, 25 eta 26an. Elolak irakasle lanetan dihardu aspaldiko urteetan, eta janzki bat sortzera bideratutako teknika
zehatzen berri emango die parte-hartzaileei.
Bestalde, nazioarteko harremanak indartuko ditu museoak. Ildo horretatik,
Zinema, Balenciagaren amets bat erakusketarekin parte hartuko du 64. Berlinalean, Berlineko nazioarteko zinema jaialdian. Museoak berak ekoitzi du hori, eta Berlingo Espainiako enbaxadan izango da ikusgai jaialdiak irauten duen bitartean. Pedro Usabiaga izango da komisarioa.
Beste museo batzuei mailegatutako piezei dagokienez,
Japonismoa. Japoniako artearen lilura erakusketari utzitakoak aipatu dituzte. Madrilgo CaixaForumen egongo da ikusgai hori, otsailaren 16ra arte.
2016. urteari begira, Cristobal Balenciaga Museoak proiektu bat gauzatzeko asmoa du Mexiko Hiriko Arte Modernoen Museoarekin elkarlanean. Proiektu horretan, Getariako museoko soineko zein argazkiak eta Mexikoko museoko margolanak uztartuko dituzte. Besteak beste, Frida Kahlo, Diego Rivera, Jose Clemente Orozco, David Alfaro Siqueiros eta Rufino Tamayo abangoardiako margolari mexikarren lanak erakutsiko dira; XX. mendeko 30eko, 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetako eran jantzitako emakumeen erretratuak, hain zuzen ere.
Era berean, gogoratu dute museoko zuzendari berria hautatzeko prozesua abian dela. Urtarrilaren 31ean utziko du Javier de Gonzalez de Duranak komisario eta kultura kudeatzaile independente gisa aritzeko.
Iaz baino 22.330 bisita gutxiago
Krisi ekonomikoaren ondorioz, museoak 2012an baino 22.330 bisita gutxiago jaso ditu 2013an. Arduradunen arabera, joera hori bat dator Euskadiko eta Espainiako museo nagusietan izan den beherakadarekin. Museoak abuztuan eta ekainean jaso ditu bisita gehien: 7.403 eta 5.491, hurrenez hurren. Batik bat asteburuetan eta oporraldietan bertaratu dira bisitariak; museoko arduradunen esanetan Cristobal Balenciaga Fundazioaren patronatuak proposatutako ordutegi doikuntzak eragina izan du horretan.
Jatorriari dagokionez, bisitarien % 40,38 EAEkoa izan da, % 29,33 beste autonomia erkidego batzuetakoa (Nafarroa, Katalunia eta Madrilekoak nabarmentzen dira), eta % 31,27 atzerritarra. Atzerritar gehienak Frantziatik etorri dira (% 19,23), baina dezente hurbildu dira beste herrialde batzuetatik ere, Ingalaterratik, Alemaniatik eta Italiatik, kasu.